Xabier Alzaga (DanobatGroup): “Pozik gaude, baina ez dugu Euskadi salbatu”
- Zenbaterainoko inplikazioa izan duzu eskari handi horretan?
Tren edo ferrokarrilen arduraduna naizen aldetik, merkatuaren arloko eskaintzak nire esku egon dira. Australiara ere joan behar izan dut, nora gindoazen zuzenean ezagutzeko. Ez gara asko esparru horretan gabiltzanok eta arduraz jokatu beharra dago.
- Tamainaz aparte, zein ezberdintasun ditu azken eskaera horrek?
Hiru proiektuetatik bat Indian eramango dugu aurrera eta beste biak Australian. Indiakoari dagokionez, aurretik ere antzeko proiektuak egindakoak gara eta DanobatGroup-ek Puneko delegazioan lantalde teknikoa du. Beste biena guztiz desberdina da: geografikoki jauzia emateaz gain, fabrikazioan baino gehiago mantenimenduan jardungo baitugu.
- Kuantitatiboki argi dago operazioaren tamaina. Kualitatiboki ere jauzia dakar?
Bai eskatutako perfiletan, bai lan egiteko eratan, mundu desberdinarekin egin dugu topo. Burokrazia asko dago tartean eta paperak, gainera, nahiko halamoduzkoak dira askotan. Australian eskatu digutenak, baina, bere prozedimentuak ditu eta egin beharrekoa ingeniaritza-lanek etabar zorroztasun handiagoa eskatzen dute. Perfil handiko erronkei egin behar diegu aurre.
- Lanpostuak sortzea ekarriko du lan horrek? Ala, batez ere, aldaketak zuen lan arloetako antolakuntza eta prozesuetan?
Hasteko, antolakuntzan behintzat, tren edo ferrokarril unitatearen handitzea ekarri du. DanobatGroup taldearen barruan ere, Mondragonen
barnean, hainbat aukera eskaintzen ditu. Zenbakietatik haratago, hainbat abantaila izango dira gurean eta, hortik aparte, hornitzaileengan
ere izango du zeregina, makina eta zerbitzuak kanporatze bidean.
- Ohikoa duzue kanpoan lan egitea? Bide berriak zabalduko zaizuelakoan zaude?
Orain arte Errusian, Txinan eta India jardun izan dugu, batez ere: munduan gora gehien egin duten herrialdeak dira eta, dagoeneko, proiektu handiak gauzatu ditugu hor. Gure produktuetan asko espezializazitu gara eta beti egon gara zabalik ferrokarrila non garatzen zen bertan izateko. Hemendik aurrerakoa badirudi Hegoamerikara eta Asia ingurura zabalduko dela, tradizio gutxiago dituzten herrialdetara. Mundu horretan tren-burbuilak funzionatzen du asko: Espainian ere izan zen sasoi batean, baina hori iragana da.
- Indiara eta Australiara joatea eskatuko dizuete proiektuok?
Argi dago: hasieran, behintzat, han egon beharra dugu. Proiektuei bidea egiteko beharrezkoa da gertuko jarraipen hori eta sasoian sasoiko egokitzeak eta aurreikusitako planen betetzeak. Aste honetan, esaterako, bezeroa dugu gure artean, hona etorrita: guztiz mesedegarria, jakina.
- Non aurkitu dute bezeroek, zure ustez, eskaini duzuenaren balio handiena? Zergatik hautatu zaituzte?
Argi dago estrategian asmatu dugula, aurretik Australiako beste enpresa batekin sinatutako hitzarmenari esker: han ezarri ondoren, bertako erronkei zelan eutsi diegun ikusi dute. Europatik ezingo genuke hori egin. Gurekin lehian zeuden enpresak ez ziren nolanahikoak, alemaniarrek badakigu eta nola egiten duten lan. Hala ere, azkarrak izan gara, ditugun puntu indartsuenak erabiltzerakoan. 2005etik dihardugu trenbide munduan eta badugu landutako merkatu estrategia aproposa. Espezializazioa funtsezkoena izan da, guretako ez baita gauza berria: teknologia berrituak eta garapena geure-geureak ditugu.
- Eibarrek, eskualdeak orokorrean hartuta, horren onurak igarriko ditu?
Batzuek gertuago nabarmenduko dituzte abantaila horiek. Hala ere, inguruko jendearentzat argi dago ez dela kalterako izango. Makina-erremintakoa mundu tradizionala da, teknologia helduena deitzen zaiona; horregatik, operazio honekin traslazioa egiten dugu etorkizunerantz. Arlo horretan Taiwan eta Txina modukoei egin behar izaten diegu aurre, koste baxuagoko herrialdeei. Mantenimendu arloan-eta, hemengo injineruen perfilekoek hor dute irtenbidea.
- Zuek nabaritu duzue krisirik?
Nahi baino gehiago. Hala ere, egia da ez gaituela larregi ahuldu. Eta urte hau lasaiagoa izango dugu. Baina krisiaren globalizazioak denok hartzen gaitu; horregatik, gure tokia aurkitu behar dugu, bezeroak nahi duenari egokitu, flexibleagoak izan... Transformazioa beharrezkoa dugu.
- Lan egiteko era bati eutsi, ezta?
Batez ere, umiltasuna aipatuko nuke: hori da erakutsi behar duguna. Berri honekin ematen du Euskal Herria salbatu dugula, baina ez dago halakorik. Etor dakigukeen erronkari adi egon beharra dago beti.