XV. Jardunaldi Mikologikoak asteburuan

XV. Jardunaldi Mikologikoak asteburuan
2013/10/17 00:00
eta kitto!

Klub Deportiboak antolatzen dituen Jardunaldi Mikologikoek 15. edizioa beteko dute aurten. Perretxikoei eskainitako jarduerak zapatuan eta domekan egingo dira: zapatu goizean perretxikotara joango dira, talde bitan (ikastetxeetan izena eman dutenak Marieta ingurura eta Deporren izena eman dutenak, Oleta-Otxandiora). Autobusak Ego Gainetik irtengo dira, 08.15etan. Handik bueltan, jasotako espezieak Deporrera eramango dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartekoen laguntzarekin aukeratu eta sailkatzeko.
Domekan, berriz, bezperan jasotako perretxikoekin erakusketa egingo dute 10.00etatik aurrera Toribio Etxebarria kalean (euria bada, udaletxeko arkupeetan). Erakusketarekin batera, produktu mikologikoak salgai ipiniko dituzte eta, egitaraua biribiltzeko, perretxiko-dastatze bazkaria egingo da Deporren (15 euro helduendako eta 7 euro umeendako).