XVII. mendeko doinuak San Andres elizan

XVII. mendeko doinuak San Andres elizan
2022/02/11 11:02
eta kitto!
Historiarekin zita dugu bihar San Andres parrokian. Elizara joan zaretenok agian ikusi duzue dagoeneko, baina abenduaz geroztik XVII. mendeko kantu-liburu handi bat dago aldarearen alboan, zabal-zabalik, eta bihar eguerdian Jon Bagues musikologo eta musika-artxibozainak liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du San Andres elizan bertan.

 

Jon Baguesen berbak entzunda, San Andres parrokian altxor bat dugula esan daiteke. Altxor handi bat, liburu itxurarekin. “Liburu handia da bertan ikusi daitekeena eta jendea tamainarekin harritu egiten da, baina arrazoi batengatik da hain handia”, kontatu digu musikologoak telefonoaren beste aldetik. “Urrunetik ikusteko egiten zituzten hain liburu handiak” argitzen du.

Baguesek esan digunaren arabera, horrelako liburuak parrokia guztietan egoten ziren. “Gaur egun ere monastegietan mojek eta fraileek egunero eta egun guztian zehar ordu jakin batzuetan kantatu egin behar dute, eta liburu hauetan agertzen da zer kantatu behar duten (salmoak, himnoak…)”, zehaztu digu.

Abesterako orduan, ostera, batzuetan elkarrekin kantatzen zuten eta beste batzuetan korua erdibitu egiten zen. “Eibarren, 1623. urtean, apaiz batek, bost benefiziatuk eta 13 presbiterok osatzen zuten korua. Normalean, koruetan kide batzuk beste batzuen aurrean jartzen ziren eta erdian fazistol izeneko atril handi bat jartzen zuten, liburua eusteko, koruarengandik 3 edo 4 metrotara. Horregatik behar ziren irudi eta letra handiak, irakurri ahal izateko”, azaldu digu Baguesek.

 

Toledotik Eibarrera

Eibarko kantu-liburu honen ezaugarri nagusia zera da Baguesentzat: 12 liburuk osatzen duten bilduma batekoa izatea. “Toledotik kopiatuta etorri zen Eibarrera 1673. urtean”, zehazten du musikologoak. “Horrelako liburuak bi arrazoirengatik aldatu behar izaten ziren noizbehinka (50 urtetik behin, gutxi gorabehera). Batetik, egunero erabiltzen zirenez hondatu egiten zirelako. Horregatik, liburuak ez ziren paperezkoak, larruzkoak baizik (ardi-larrua, adibidez), gehiago irauteko. Eta bestetik, eliza katolikoak noizbehinka bere meza-liburuan aldaketak egiten zituelako. Hau da, bere liturgian eta ohituretan. Orduan, horrek liburu berriak egitera behartzen zituen”, diosku Baguesek.

XVII. mende hasieran hori gertatu zen. Aldaketa batzuk gertatu ziren eta mende horren erdialdera parrokiak euren liburu-bildumak aldatzen joan ziren. “Liburu-bildumak dira, eguneko ordu guztietan kantatzeko liburu ezberdinak erabili behar zituztelako”, argitu digu musika-artxibozainak. Hain zuzen ere, Toledotik etorritako bilduma hori 12 liburuz osatuta dago, baina ez dira 12 liburu ezberdin. Sei liburu bikoiztu direla esan daiteke. “Fazistolean alde batean eta bestean jartzen ziren, eta, horrela, alde bateko eta besteko abeslariek denbora berean kantatu zezaketen”, azaldu digu.

Baina nola iritsi zen horrelako liburu-bilduma bat Eibarrera? “Liburu horiek eskuz idatzita daude eta oso garestiak ziren. Eibarren zortea izan zuten XVII. mendearen erdialdera, Pedro de Iñarra eibartarrak oso kargu garrantzitsua zuelako Toledoko katedralean”, kontatu digu Baguesek. “Katedraleko obreroa zen. Hau da, buruzagi ekonomikoa”, argitzen digu.

Horrela jarraitzen du musikologoak: “Toledoko katedrala Espainiako Katedral Primatua da, oso garrantzitsua izan da beti, eta 150 bat liburu handi daude bertan gordeta. Aipatu dudan bezala, XVII. mendean liburuetan aldaketak egin behar izan zituzten eta Pedro de Iñarrak bilduma oso bat oparitu zion Eibarri, herriarentzat bilduma bat idatzarazi ondoren”.

 

Kantu liburu zaharra san andres elizan599-2

 

Kontserbazioaren balioa

Oso arraroa zen horrelako bilduma bat Eibar moduko herri batera ekartzea eta are arraroagoa da bilduma oraindik gordeta edukitzea. “Urte askotan erabiliak izan direlako gorde izan dira liburu hauek San Andres elizan. Hala ere, normalean horrelako liburuak ez dira botatzen. Erritoa aldatzen bada, baliteke bildumak botatzea edo kanpora eramatea, baina Eibarko parrokiak aparteko garrantzia eman dio bilduma horri, nahiz eta XVIII. mendean eta aurrerago ere liturgian aldaketak egon ziren. Horrek ematen dio balioa bildumari. Toledon ere gordeta dago bilduma hau, han ere bildumari garrantzia eman dioten seinale. Toki gutxitan gordetzen dira parrokietan bilduma osoak eta, XVII. mendekoa izanik, Eibarkoa are bitxiagoa da”, azaldu digu Baguesek.

Hori bai, bilduma osatzen duten 12 liburuetatik bakarra dago zaharberrituta; egun hauetan parrokian ikusgai dagoena, hain zuzen ere. “Horrelako liburu bat zaharberritzeak demaseko lana eskatzen du. Liburuak desmontatu behar dira, egurrezko tapak tratatu, larruzko orriak banan-bana garbitu, den-dena berriz josi eta enkoadernatu. Denbora asko behar duten lanak izaten dira”, diosku artxibozainak.

Elizan ikusgai dagoen kantu-liburua bilduma guztitik zaharberritu den bakarra bada ere, biharko ekitaldian bilduma guztia jarriko dute ikusgai, Xabi Zubizarreta San Andres elizako parrokoak esan digunaren arabera. “Liburuak txukundu egin ditugu ikusgai ipintzeko”, esan zigun kantu-liburuaren argazkiak egitera joan ginen egunean.

 

Pentagramak eta inizialak

Kantu-liburuan agertzen diren abestiak mezatan eta elizgizonen ekintzetan kantatzen ziren. “Nik dakidala abesti hauek ez ziren elizatik kanpo abesten”, diosku Baguesek, “baina liburuak aztertu beharko lirateke, Eibarrera iritsi zirenean liburuen amaieran beste zerbait txertatu zuten edo ez ikusteko, batzuetan gertatzen delako. Dena dela, uste dut Toledotik etorri ziren moduan daudela hauek”.

Hasiera batean liburuko abestiak kantatu egiten ziren, baina XVIII. menditik aurrera organoarekin edo instrumentu baxuekin laguntzen ziren batzuetan. “Arrazoi batengatik gertatzen zen hori. Normalean, abestu egiten denean tonuari eutsi egin behar zaio afinatuta kantatzeko, baina abeslaria nekatzen doan neurrian ahotsean igarri egiten da eta ahotsa behera doa, desafinatu egiten da. Orduan, tonuari eusten laguntzeko sartu zituzten instrumentuak. Kantaren amaieran hasieran bezalako tonua edukitzeko”, azaldu digu musikologoak.

Irudietan ikusi daitekeen bezala, liburuan pentagramak ageri dira eta karratu batzuk daude pentagramaren lerroen artean. “Pentagramaren lerroak gorriz daude eta horien gainean dauden karratuek notak markatzen dituzte (notazio karratua). Kantu gregorianoetan erabiltzen den estiloa da hau”, esplikatu digu Baguesek.

Pentagramaz gain, beste irudi batzuk ikusi daitezke orrietan eta horretan jarri du atentzioa musikologoak. “Liburu hauetan inizialek dute garrantzia, hasierako letrek. Filigranaren bitartez daude idatzita eta oso apainak dira. Estetika kontua da, ez du beste arrazoirik”, gehitzen du.

Historia interesgarria izan daiteke eta ondo gorde beharreko ondarea da liburu-bilduma hau, baina bertan dauden abestiak interpretatu daitezke? Badago horrelako kantak abesten duen jenderik? “Horrelako abestiak kantatzeko gregorianoko ikasketak egin behar dira”, argitzen digu Baguesek.

“Gaur egungo liturgiak norberaren hizkuntzan egiten dira (euskaraz, gazteleraz…), baina lehen latineraz egiten ziren. Liburu hauek latinez daude idatzita eta gregorianoko ikastaroak egin behar dira abesten jakiteko. Euskal Herrian badaude espezialistak eta gregorianoa bakarrik abesten duten taldeak (adibidez, Easo korua eta Donostia Ereski)”, gehitzen du. Eibarrera gonbidatu beharko ditugu San Andres parrokiako altxor hauei bizitza emateko.