Yraolagoitia liburu-denda bizirik, sasietan nahaspilatu aurretik
Orain dela bi hilabete inguru erdi-umezurtz geratu ginen Eibarren. Yraolagoitia liburu-dendak ateak itxi zituen eta mota horretako establezimendurik gabe geratu ginen herrian. Internet bidezko salmenten eta kontsumo ohitura berrien garaipena zirudien, baina komikietako heroi baten modura, Biktor Molinero herriko liburu-denden erreskatera etorri da eta berriz zabaldu ditu dendaren ateak.
Biktor Molinerok betidanik izan du irakurtzeko zaletasuna eta hori nabarmen geratzen da agerian minutu batzuetan berarekin berba eginez gero. Hain zuzen ere, liburuekiko duen pasio horrek eraman du Yraolagoitia liburu-denda hartzera. “…eta kitto!-n eta beste zenbait hedabidetan ikusi nuen Yraolagoitia itxi egingo zutela eta pena eman zidan. Eibar moduko hiri bat ezin da liburu-denda barik egon. Gainera, bidea galtzen bada, sasiz beteko da eta ez da berriz itzuliko”, Molineroren berbetan. Beraz, bidea sasiz bete aurretik, denda hartzea erabaki zuen. “Adin bat daukat eta ez dakit zenbat denbora egingo dudan hemen, baina bidetxo bat eginda laga nahi dut”.
Yraolagoitiak astelehen arratsaldean hasi zuen etapa berria eta martitzen eguerdian mugimendu polita zegoen bertan. “Jendeak dendaren falta botatzen zuen. Jendeari liburuak gustatzen zaizkio. Askok esan didate liburu-denden usaina gustatzen zaiela”, diosku dendariak. “Liburu elektronikoak hor daude, baina ez da gauza bera. Etxean 15.000 liburu ditut! Horietako batzuk hona ekarri ditut”, esan digu barrezka.
Ideia berritzaileak
Yraolagoitia izenari eutsi dio Biktor Molinerok, baina dagoeneko bere eskua nabari da liburu-dendan. “Poesia liburuak jarri ditut, euskarazko liburuen eskaintza ere indartu nahi izan dut… Hainbat ideia ditut buruan, ea aurrera egiteko aukera dudan horiekin”, aurreratu digu. Hala nola, komikiak saltzeko asmoa du, Haikuak egiteko ikastaroak eskaini nahi ditu, irakurketa-klubak jarri nahi ditu martxan (zientzia-fikziozko liburuena, literatura garaikidearena eta poesiari buruzkoa), umeentzako eta helduentzako ipuin eta poesia lehiaketak egin… Azken neurrian, irakurzaletasuna bultzatzea eta Yraolagoitia literaturaren elkargune bihurtzea da Molineroren asmoa. “Eta ideia hau agian zoroa irudituko zaizue, baina podcast bat ere egin nahiko nuke. Poesia eta ipuinak irakurtzeko, liburuen inguruan jarduteko…”, diosku Molinerok.
Liburu bereziak aurkitu daitezke Yraolagoitian (adibidez, Argentinako lagun baten editorialekoak), baina baita azken nobedadeak ere. Umeentzako liburuak eta koadernoak ere badaude, eta baita papertegi batean erosi daitezkeen hainbat gauza.
Eta noski, bezeroak aintzat hartu behar ditu eta atsegin handiz artatu ditu dendan lehen egun hauetan. “Oraindik dendari eskua hartzen ari natzaio. Batzuetan ez da hain erraza jakitea jendeari zer gustatzen zaion. Ez da salmenta datuak ikustea eta kitto, beste kontu bat da. Aurrez aurreko harremana edukiz gauza gehiago ateratzen dira eta hor hartzen da benetako pultsua”, kontatu digu Molinerok. “Liburuak aholkatzea zaila da. Bakoitzari zer gustatzen zaion galdetu ahal diot, niri gustatzen zaidana aipatu, eta azkenean elkartruke horretatik asko ikasten du gutako bakoitzak. Hori bai, gustatzen zaienean asko igartzen da. Burutik baino, beste toki batetik dator gustu hori: norberaren barrenetik, tripetatik edo bihotzetik”.
Martitzen eguerdian egon ginen Yraolagoitian eta, denda zabaldu berri bazegoen ere, Molinerok esandakoa berresten zuen bertan ikusi genuenak. Liburuak erosteko asmoz gerturatutako hainbat bezero egon ziren eta den-denei arreta berezia eskaini zien dendariak, euren gustu eta nahiak entzun eta, hori jakinda, liburuak gomendatuz. Liburuak dendan baditu, bikain, eta bestela eskatzeko aukera ere badago.
Yraolagoitian sartu ziren beste batzuek, ostera, beste asmo batekin egin zuten bisita: liburu-denda zabaltzeko hartutako erabakiagatik eskerrak eta animoak emateko. Azken batean, liburuen zale askok oraindik ere liburuen usaina, hauek ukitzea eta literaturarekiko pasioa partekatzea estimatzen dute, eta toki hori Yraolagoitian aurkitu dezakete. Molinerok sasiak moztu ditu, Eibarren literatura loratzeko haziak ereitea besterik ez zaigu geratzen.