Zabaldu dute eguenera arte Toribio Etxebarria kalean egongo den Udako Aukeren Azoka
Eibarko Udako Aukeren Azoka Toribio Etxebarria kalean egongo da aurten ere, Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatutako azokan 26 establezimenduk hartuko dute parte. Horietatik 19 Toribio Etxebarria kalean egongo dira, eta beste zazpik beraien dendetan egingo dituzte eskaintzak. ...eta kitto! Euskara Elkartea, bestalde, azokan izango da berriro, Euskaraz Primeran egitasmoarekin. Beste batzuetan bezala, erosketak egiterakoan herritarren artean euskara sustatzeko jarduera prestatu du: oraingo honetan, ... eta kitto! Euskara Elkartearen standera hurbiltzen direnek kristalezko ontzi batzuk koloretako harriekin bete beharko dituzte, parte hartzaileek euskararekiko hartzen duten konpromisoaren arabera: urdina saltoki edo ostalaritza establezimendu batera joatean “lehen hitza euskaraz” bada; laranja, “elkarrizketa euskaraz hastea” bada; eta arrosa “elkarrizketa euskaraz mantentzea” bada. Parte-hartzaileek kanpainako poltsa jasoko dute opari gisa, eta EMGIk emandako 100 euroko erosketa-bonuaren zozketan sartuko dira, azokako postuetan bertan erosketak egiteko. ...eta kitto!-ren mahaia Toribio Etxebarrian egongo da hiru egunetan, Birjiñape zeharbidearen ondoan, goizeko 10:30etik 12:30era. Zozketa azken egunean, eguenean egingo da, 12:30ean, standean bertan.