Zabaldu dute Euskaraldian izen emateko epea

Dagoeneko zabalik dago herriz herri ahobizi nahiz belarriprest gisara izena emateko epea.
Zabaldu dute Euskaraldian izen emateko epea
Euskaldiaren norbanakoen izen ematearen irekiera ekitaldia egin zen larunbatean Gasteizen.
2025/03/18 10:49
eta kitto!

Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla ireki dute norbanakoek izena emateko epea. Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta dagoeneko zabalik dago herriz herri ahobizi nahiz belarriprest gisara izena emateko epea.

Laugarren edizioa da aurtengoa, eta aurreko aldietan bezala ahobizi eta belarriprest gisara parte hartzeko aukera izango dute norbanakoek maiatzaren 15etik 25era euskararen erabilera bultzatzeko egingo den ariketa sozial masiboa. Ahobizi papera hartzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, baita beti lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Belarriprest gisa izena ematen dutenek, berriz, euskara dakitenek harekin euskaraz hitz egitera gonbidatuko ditu.

Herritarrek Euskaraldian izena emateko epea ireki dela iragartzeko Euskal Herri mailako ekitaldia egin zuten larunbatean Gasteizen. Dozenaka lagun bildu ziren ekitaldian, hala nola herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Irati Iciar Taupako lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaile orokorrak azaldu zituzten aurtengo Euskaraldiaren nondik norakoak. Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua edota ariketa praktikoa dela adierazi dute, eta horretan Euskaraldiak egiten duen ekarpena nabarmendu zuten.

 

Txaparen garrantzia
Behin izena emanda aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz.

Ahotan maiz darabilgun “estres linguistikoa” ezabatuko du txapak. Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurreran duenari “nirekin egizu euskaraz!”

Beraz, maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian izena emateko deialdia zabaldu dute eta hamabigarren egunetik aurrera ere ekimenak sustatzen dituen jarrerei eusteko deia egin dute antolatzaileek. Izen ematea www.euskaraldia.eus webgunean dagoen formularioa betez egiten da.