Zabalik dago Familien arteko Altxorraren Bila ekintzan parte hartzeko epea
Familien arteko Altxorraren Bila antolatuko du ...eta kitto! Euskara Elkarteak maiatzaren 9an, barixakua. Parte hartzeko izen-ematea gaur bertan zabaldu da eta maiatzaren 5era arte egongo da horretarako aukera. Aurten aldaketa dago parte-hartzaileen adinari dagokionez, izan ere, Haur Hezkuntzako 4. mailatik hasita Lehen Hezkuntzako 4. mailara arteko ikasleei eta haien familiei zuzenduta egongo da aurtengo edizioa. Taldeka eman beharko da izena eta taldeak, asko jota,10 kidekoak izango dira. Taldekideak familia berekoak edo kuadrillakoak edo lagunak izan daitezke, baina bi-lau heldu egon beharko dira talde bakoitzean. Ezinbestekoa izango da gutxienez helduetako batek ahozko zein idatzizko euskara ulertzea.
Hasierak ere aldaketa izango du, Untzagan hasi beharrean Errebalen hasiko da-eta, hori bai, ohiko orduan, 17:15ean. Bertan jasoko dute taldeek lehenengo pista eta, hortik aurrera, asmatzen joan ahala pista berriak jasoko dituzte helmugara iritsi arte. Amaieran sariak egongo dira parte-hartzaile guztientzat. Izena emateko inprimaki hau bete, telefonoz deitu (943200918) edo emailez egin daiteke (elkartea@etakitto.eus).