Zabalik dago Haurreskolak Partzuergoan izen emateko epea, 2023-2024 urtean jaiotako umeentzat

2023-2024 ikasturte honetan legez, hurrengo 2024-2025ean ere doakoa izango da Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua.
Zabalik dago Haurreskolak Partzuergoan izen emateko epea, 2023-2024 urtean jaiotako umeentzat
2024/04/24 12:42
eta kitto!

Haurreskolak Partzuergoak astelehen honetan ireki du datorren 2024-2025 ikasturtean partzuergoko haur-eskola batean lehen aldiz hasi nahi duten umeen izen-ematea, eta plaza-eskaera egiteko epea. Beraz, 2023 eta 2024 urteetan jaiotako haurtxoen guraso edo legezko tutoreek maiatzaren 10era arte egin ahal izango dute eskaera, aurrez-aurre partzuergoko eskoletan edo online, www.haurreskolak.eus atariaren bidez. Haurreskolan irailaren 5etik aurrera hasiko dira.

2023-2024 ikasturte honetan legez, hurrengo 2024-2025ean ere doakoa izango da Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua. Eibarren 3 zentrotan eskaintzen da 0-2 urte bitarteko umeei zuzendutako haurreskola zerbitzua: Eibar-Orbean (Bittor Sarasketa). Amañan eta Arrateko Andra Marin (Urki).

Eibar-Orbea Haurreskola
B. Sarasketa, 11 / 943200384
orbea.eibar@haurreskolak.eus
Amaña Haurreskola
Artegieta, 6 / 943127145
amana.eibar@haurreskolak.eus
Arrateko Andra Mari Haurreskola
J.A. Iturrioz, 5 / 943202247
arrate.eibar@haurreskolak.eus

Plaza eskatzeko interesa duten familiek, honako egutegi hau izan beharko dute kontuan:
- apirilaren 22tik maiatzaren 10era: eskaerak aurkeztea, aurrez-aurre edo online
- ekainak 10: behin-behineko zerrendak argitaratzea
- ekainaren 10etik 14ra: erreklamazio eta zuzenketa epea
- uztailak 1: behin betiko zerrendak argitaratzea
- irailak 5: umeak haur-eskolara hasteko eguna

Haurreskolak Partzuergoak 238 eskolako sarea du gaur egun, Euskadiko 180 udalerritan zabalduta. Orotara, 8.754 plaza eskaintzen dituzte haur-eskola horiek guztiek, 0-2 urteko etaparako.

Izen-emateari buruzko informazio gehiago partzuergoaren webgunean duzue eskura.