Zabalik dago UEUren 52. Udako Ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea
UEUren 52. Udako Ikastaroak aurkeztu dituzte Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak, Irati Iciar Madinabeitia UEUren Udako Ikastaroen arduradunak eta Edurne Koch Elizegi UEUko Nafarroako arduradunak gaur Iruñean. Azken bi urteetan egindakoari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte, hainbat eragilerekin elkarlanean, “euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin”. Udako Ikastaroen arduradunak adierazi duenez, “Iruñea, Baiona eta Eibarrez gain, aurten Usurbil, Bilbo, Donostia eta Tolosara ere iritsiko dira UEUren Udako Ikastaroak”. Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 6tik uztailaren 10era eta, ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean, eta bertan dago ikastaroei buruzko informazio guztia ere.
Aurreratu dutenez, hasiera-ekitaldia Iruñean egingo dute, ekainaren 6an, Kondestable jauregian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko: “Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak”. Azaldu dutenez, “UEUk jardunaldi hau ikuspegi zabaletik planteatzen du, egungo koiunturaz haratago, gure esparrukoa den ekarpen akademikoa eginez”.