Zamorak irabazi du gatxizen lehiaketa
Eibarko gatxizenik politena aukeratzeko egin den Gatxizen Lehiaketa Ana Moyak irabazi du "Zamora" gatxizenarekin, Eibarko Euskara web orrian jasotako botuak eta epai-mahaiaren iritzia kontuan hartu eta gero. Irabazlea saria irabazi duen Zamora ezizenez ezaguna izan zenaren biloba da eta bere proposamenak 71 botu jaso ditu. Saridunak alde handia atera die gainontzeko proposamenei, baina hala ere nahiko boto jaso dituzten beste gatxizen batzuk ere badaude, adibidez "Parlebu", "Okelia", "Maria Titiritaña" eta "Kipulio".
Zozketa bidez emandako saria, bestalde, Mª Jesus Madinabeitiari egokitu zaio eta berak aurkeztutako proposamena "Etxekalte" izan da.
Saria jaso duen gatxizena ez da Antxon Narbaizaren liburuan agertzen, baina Ana Moyak berak kontatu du ezizenaren historia: "Amama Luzia Otaduik bere aitaren gatxizena eta horren jatorria kontatu izan dizkit betidanik. Luis Otadui zen bere izena eta Zamora deitzen zioten. Nik ezagutu banuen ere, ez dut birraitona gogoratzen, ni txikia nintzela, 1973. edo 1974. urtean hil zen eta. Untzagako zineman atezain bezala egiten zuen beharra eta sartzeko dirurik ez zuen jendeari debalde pasatzen lagatzen zion. Sasoi hartan foballean oso famatua eta ona zen Zamora atezainak jokatzen zuen. Eta biak atezainak zirela eta, bata foballean eta bestea zineman, birraitonari Zamora gatxizena ipini zioten, jendeak atezain ezinhobea zela esaten zuelako. Enpresariak, baina, agian ez zuen gauza bera pentsatuko. Bati baino gehiagori entzun izan diot txikitan, amamarekin paseatzen, 'la de Zamora' esaten ziotela". Irabazlea familiako beste hiru andrak lagunduta, lau belaunaldi ordezkatuta jaso du saria gaur arratsaldean (eguena, hilak 5) Portalean.