Zapatu gauean ospatuko du igoera Eibarrek
Zapatuan, Eibar-Lugo partiduaren ostean ospatuko du Eibar foball taldeak Lehen mailara igo dela, horretarako prestatu duten egitarauari jarraituta. Ekitaldia 22.00etan Urkizuko parkean hasiko da, Eibar foball taldekoekin batera kalejiran joango diren 150 lagunek Untzagarako bideari ekitearekin batera. Kalejiran honakoek hartuko dute parte: aurrealdean Eskoziako gaita-jotzailea joango da; jarraian, bonba birekin konfetiak botako dituen kamioia; txaranga bat; hiriaren omenezko armagin konpainia; jokalariak irudikatuko dituen kale-antzerki konpainia; erraldoiak eta dultzaineroak; beste txaranga bat; eta banderen alardea. Horien guztien atzetik Eibar Kirol Elkarteko teknikari, zuzendaritzakide, jokalari eta klubeko beste kide batzuk eramango dituen autobusa joango da.
Kalejirak ordubete irautea aurreikusi dute eta, beraz, udaletxean harrera egiteko ekitaldia 23.00ak aldera hasiko da. Udaletxeko balkoira Miguel de los Toyos alkatea, Alex Aranzabal Eibar K.E.-ko presidentea, Gaizka Garitano entrenatzailea eta Txema Añibarro taldeko kapitaina irtengo dira eta, haien agurra amaitzean, 23.30etatik aurrera Untzagan ipinitako oholtzaren gainean jokalari guztiak aurkeztuko dituzte, DJ batek, esatari batek eta Donostiako Saltsa talde batek girotuta. Ospakizun ofiziala 00.30ak aldera amaituko dela aurreikusi dute, baina DJ-ak 02.00ak arte musikarekin jarraituko du eta, jakina, jaia kalean nahi beste luzatuko da.