Zapatuan hasiko da Egoaiziaren 25 urteko ibilbidea ospatzeko prestatu duten egitarau berezia
Erakundearen 25. urteurrena dela-eta, Egoaiziak urte guztian zehar martxan egongo den “EraldEIBAR. 25 urte Hegoaldeko komunitateak eraikitzen, indartzen eta elkartzen eibartarren Kooperazio- eta elkartasun-zubien bitartez” izenburuko egitarau berezia antolatu du. Herritar guztientzat irekiak izango diren ekitaldien bidez, elkartasun-konpromisoa eta nazioarteko kooperazioa oinarri izan dituen mende laurdenak izan duen inpaktua erakustea da asmoa.
Egitarauarekin hasteko, zapatu goizean ospatuko dute Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna, Untzaga plazan. “Iraganeko aztarnak, etorkizuneko haziak: bidaia bat bidezko merkataritzan zehar” goiburuari jarraituta, 10:00etatik 14:30era bitartean bidezko merkataritzako produktuekin egindako dastaketak, haurrentzako tailerrak, otar solidarioen zozketa eta beste hainbat jarduera egongo dira. Esan dutenez, “familia-giroan igarotzeko moduko goiza izango da, kontsumo-eredu bidezkoago, humanoago eta jasangarriago baten aldeko apustua egin dezagun”.
Ekainean, Etiopian oinarritutako “BUNA: Voces tras el Silencio” izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai Arrate Kultur Elkartean. Ekainaren 2tik 27ra bitartean egongo da zabalik, eta ekainaren 5ean egingo duten inaugurazio-ekitaldia berezia izango dela aurreratu dute: “18:00etan hasiko da ekitaldia, Kunom Hailuk, Etiopiako 4yBIN GKEren zuzendariak gidatuko duen bisitarekin. Jarraian, BUNA dokumentalaren proiekzioa egingo da, eta ondoren solasaldi ireki bat, zuzendariarekin eta herriko ordezkariekin. Amaitzeko, Etiopiako gastronomia-produktu tipikoen dastaketa egingo da, eta baita kafearen inguruko zeremonia tradizional bat ere”. Erakusketan Ximena Borrazas, Edgar Gutierrez eta Iñaki Luis (dokumentalaren egilea) argazkilari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira. Azaldu dutenez, “horien bitartez, irudi eta testigantzen bidez, Hegoalde globalean isilarazitako ahotsei leiho bat irekitzeaz gain, kulturarteko elkarrizketa bultzatuko da herrian”.
Urriaren 11n, zapatua, Egoaiziak Untzaga plaza beteko du berriz ere, Biolur elkartearekin batera antolatutako Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azokaren beste edizio batekin: “Eibartarren agendan dagoeneko errotuta dagoen hitzorduaren 10. edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko edizioetan bezala, informazio-postuak, tokiko produktuak, eta publiko guztientzako jarduerak zein proposamen jasangarriak egongo dira, gure eguneroko ohiturak alda ditzagun”.
Egitarauari amaiera emateko, azaroaren 22an omenaldia egingo zaie 25 urte hauetan Egoaiziaren ondoan egon diren pertsona, kolektibo eta erakundeei, Portaleko areto nagusian. “Eibarren ereindako hazi solidario baten fruituak” izeneko ekimenaren bitartez, erakundearen ibilbidean zehar bidaiatuko dute, “eibartarrek mundu bidezkoago eta solidarioago bat sortzeko izan duten garrantzia azpimarratuz”.
128 proiektu baino gehiago
25 urte hauetan, Egoaiziak hasiera-hasieratik Eibarko Udalaren babesa jaso duela azpimarratu dute. Urte hauetan guztietan 128 nazioarteko kooperazio- eta hezkuntza-proiektu baino gehiago abiatu ditu erakundeak, eta 109.880 pertsonari lagundu diete Perun, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Etiopian, Kolonbian eta Hondurasen, besteak beste. Horrekin batera, herri mailan ere aritu dira lanean: “Egoaiziak hausnarketarako eta aldaketarako bidea ireki du, desberdintasun globalen inguruko kontsumo arduratsua, herritarren parte-hartzea, boluntariotza eta kontzientzia kritikoa bultzatuz. Bazkari solidarioa, Kontsumo Arduratsuaren Azoka, Hezkuntzagatiko Mundu mailako Kanpaina edo Bidezko Merkataritzaren Eguna dira antolatutako jardueretako batzuk, eta horrelakoek beste errealitate batzuk Eibarko egunerokotasunera gerturatzea ahalbidetu dute”. Ekonomia etikoago, jasangarriago eta solidarioagoekiko konpromisoa duten gure herriko 30 saltoki eta zerbitzu baino gehiago jasotzen dituen Eibar Eraldatuz mapa interaktiboari aipamen berezia egin diote.
Jon Iraola alkatearen berbetan, “Egoaiziak eibartarren munduarekiko konpromisoaren alderdirik onena islatzen du. Elkarteak gure herriaren bihotz solidarioarekin bat egiten asmatu du, urrutikoak diren arren, zuzenean interpelatzen gaituzten errealitateekin. Udalean lan honen alde egiten jarraituko dugu, argi baitugu justizia sozialak ez daukala mugarik”.
Elkarteak berak dioenez, “Egoaizia komunitate ameslari, ekintzaile eta eraikitzaile baten isla da. Mende laurden geroago, konpromisotik, errespetutik eta ekintza kolektibotik abiatuta, eraldaketa sozialean sinesten jarraitzen dugu. Ospakizun hau ez da itxiera bat. Aitzitik, abiapuntu berri bat da etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoetarantz”.
Erakundearen nazioarteko aliantza nabarmenetakoa Peruko CIPCA erakundearekin batera osatutakoa da. Izan ere, Piura eskualdeko landa-garapena bultzatzeko 60 proiektu baino gehiago garatu dituzte elkarrekin. Nabarmendu dutenez, “elkarlan honi esker, 28.000 pertsona baino gehiagoren bizi-kalitatea hobetzea lortu da, hainbat arlo ardatz hartuta, hala nola haur-osasuna, urarekiko sarbidea, emakumeen ahalduntzea, hezkuntza- eta osasun-azpiegitura, eta tokiko ekonomia jasangarrien bultzada”.