Zaplasteko proiektua: “Gero eta baliabide gutxiago eta hondakin gehiago ditugu”

Zaplasteko proiektua: “Gero eta baliabide gutxiago eta hondakin gehiago ditugu”
2020/12/11 10:15
eta kitto!
Zaplasteko hiru kontzepturen fusiotik jaio den proiektua da: zaborra, plastikoa eta ekologia. Ekonomia zirkularra du oinarri Eibarko EHUn ikasten duten Martxelo Eriz, Nagore Cebrian, Leire Olascoaga, Naiara Matzizidor, Nuria Arroyo eta Peio Mesok sortutako proiektuak, eta zaborren sorkuntza masiboari aurre egin nahi diote, plastikoan zentratuz.

 

Zergatik sortu zenuten Zaplasteko proiektua? Nola abiatu zenuten?

Lehen mailako Enpresa irakasgaian sortu zen proiektua. Talde-lan baterako, fikziozko enpresa bat sortzea proposatu ziguten, eta lan horren aurretik ekonomia zirkularrari buruzko beste bat egin genuen, eta horiek lotzea erabaki genuen. Ez genuen nahi edozein enpresa sortu eta konponbideak ekarriko zituen eta inpaktu positiboa sortuko zuen enpresa bat sortzeko ideia irten zen.

Garai hartan, asko hitz egiten zen plastikoen kutsaduraz, eta gutako batzuk hasita geunden gure kontsumo-ohiturak zalantzan jartzen eta aldatzeko nahiarekin, baina, era berean, kolektiboki antolatzeko eta banakakotik harago joateko beharra sumatzen genuen, aldaketa esanguratsuago bat sortzeko. Fridays For Future mugimendua ere hazten hasi zen, eta uste dugu hori izan zela aurrera egiteko inspiratu eta motibatu gintuena erabat. Eta horrela, Zaplasteko klaseko lan soila izatetik gaur egun dena izatera pasa zen.

 

Hainbatetan entzun dugu plastikoen arazoaren inguruan: kontsumoa murriztu behar dela, birziklatzea, bizitza berria ematea… Baina nolakoa da benetan gai honen larritasuna?

Alde batetik, plastikoa erregai fosiletan oinarritzen da. Hauek agortzear daude eta gainera ekoizpen-prozesuan negutegi-efektuko gasak isurtzen dituzte, klima-larrialdia areagotzen dutenak. Beste alde batetik, gaur egungo sistema ekonomikoa ekonomia linealean oinarritzen da, baliabideak erauzi eta hondakinak sortuz. Hondakin hauek zabortegietan edo errauskailuetan amaitzen dute normalean, bigarren bizitzarik eman gabe. Horrela, gero eta baliabide gutxiago ditugu eta gero eta hondakin gehiago. Gainera, hainbeste hondakin sortzen dira, ezen askok erreka, itsaso eta antzeko naturguneetan amaitzen duten, bertako biodibertsitatea kaltetuz.

 

Zelako ekintzak garatzen dituzue? Eta nola?

Hasieran, kafe-makinako plastikozko makilatxoak batzen hasi ginen, eta ondoren, boligrafoak, tippex-ak, tapoiak, botilak… Hauek birziklatzea da gure asmoa, Aretxabaletako Lanbide Heziketakoekin lankidetzan egindako lau makinekin, Precious Plastic diseinuetan oinarrituta.

Horrez gain, hasieran zabor-bilketa batzuk ere antolatu genituen, unibertsitate ingurua txukuntzeko, baina pandemiak sortutako egoera dela eta, gaur egun ez dugu horrelakorik egiten.

 

Zailtasunak aurkituko zenituzten bidean.

Lehengo oztopo nagusia makinen egoera izan zela esango genuke, ikusi genuelako makinak konpontzeko diru-sarrerarik ez genuela eta horren ondorioz egin genezakeen bakarra plastikoa batzea zen.

Aurten, Campus Bizia Lab beka lortu dugu, baina, hala ere, ez daukagu diru nahikoa proiektua aurrera eraman ahal izateko, makinen konponketa eta sorkuntzak diru gastu handia ekarri digute eta.

Denbora eta distantzia ere oztopo nagusiak izan dira, azkenean ingeniaritza ikasleak gara eta ikasten ordu asko pasatzen ditugu eta bakoitza Euskal Herriko punta batekoa garenez, elkartzea ere zaila da unibertsitatean ez bada.

Pandemiaren ondorioz ere zailtasunak izan ditugu hurrengo atalean azaldu dugun bezala.

 

Pandemiak eragin dizue?

Bai, eta asko gainera. Aurreko kurtsoan pentsatuta geneukan Unibertsitatean bertan eta hainbat ikastetxetan hitzaldi batzuk ematea, jendea kontzientziatzeko helburuarekin. Gure asmoa hitzaldi hauek Aste Santuko oporretan prestatzea zen eta oporrak eta gero hauekin hastea. Baina proiektua egiten hasi ginenean pandemia heldu zen eta etxera bidali gintuzten. Beraz, irailera arte dena geldituta geratu zen, gure baliabide guztiak unibertsitatean daudelako, eta konfinamenduagatik ezin ginen bertaratu. Kurtso berria hastean dena aldatu behar izan dugu. Hitzaldiak egitea alde batera utzi dugu, ezinezkoa delako ikastetxeetara joatea, prebentzio neurriak direla eta. Gainera, Durangoko ikastetxe batean plastiko bilketa gune bat jarri genuen, baina kendu izan behar dugu, prebentzio neurriak betetzea zaila zelako.

 

Pandemiaren ondorioz plastikoaren arazoaren inguruan gauzak aldatu dira (kontsumoa murriztu, ohiturak aldatu… adibidez) ala berdin jarraitzen du?

Gure ikuspuntutik, hau da, unibertsitatean gertatu dena ikusiz, jendea plastiko gehiago kontsumitzen hasi da pandemiaren ondoren. Adibidez, askok etxetik janaria ekartzen zuten, baina orain COVID-19-aren ondorioz, unibertsitateko instalazio batzuen erabilera mugatu digute (adibidez mikrouhinaren erabilera, erresidentziako jantokian jatea….) eta janaria etxetik ekarri beharrean askok Lidl eta Mercadona supermerkatuetan erosten dute jatekoa.

Gainerakoan, ez dugu aldaketarik sumatu.

 

Unibertsitateak babesa edo laguntza ematen dizue? Eta irakasleek?

Bai, hasieratik izan dugu zentruko laguntza hori, eta proiektua aurrera eramateko bultzatu gaituzte momentuero. Hasieran, unibertsitatean bertan gela bat utzi ziguten, gure materialak gorde eta batzarrak egiteko toki pribatu bat izateko, eta erabilera ona eman genion aukera horri.

Horrez gain, orain makinak egin eta konpontzen gabiltzan neurrian, hainbat irakasleren laguntza dugu, behar dugun materiala beste zentro batzuetatik eskuratuz, eta ahal den neurrian, orain duguna konponduz, noski.

Gainera, aste birik behin gutxi gorabehera elkartzen gara laguntzen diguten bi irakaslerekin, proiektuaren inguruan berba egiteko, ze hobekuntza egin ahal ditugun, kontaktu berriak, aholkuak…

Egia esan, ez gaude kexatzeko moduan, ezta gutxiagorik ere!

Beraz, hemendik eskerrak ematea gustatuko litzaiguke ematen diguten laguntzagatik.

 

Unibertsitatean egiten diharduzuena herrira zabaltzeko aukerak ikusten dituzue? Hau da, Eibar osoan egitea? Edo beste zentro batzuetan?

Alde batetik, aurretik esan bezala, Durangoko eskola batean plastiko bilketa handi bat antolatu genuen eta hainbat plastikori bigarren bizitza bat eman genien, nahiz eta gaur egun ez dugun jarraitzen eskola horretako plastikoak jasotzen. Gainera, makinekin izan ditugun zailtasunak direla eta oraingoz nahiko lan dugu unibertsitatean bertan. Hala ere, jarraitzen dugu aztertzen nola bildu dezakegu beste eskola batzuetan plastikoa. Ondo legoke Eibar bertako ikastetxeertan plastiko bilketak, proiektua aurkeztea eta kontzientziazio hitzaldiak ematea.

Bestalde, etorkizunari begira proiektu hau herrira zabaltzea ondo legoke. Dena dela, etorkizun hurbilean ez dugu proiektuaren zabaltze hori bideragarria ikusten. Hurrengo urteei begira ez dugu argi guk geuk jarraituko dugun proiektuarekin edo hurrengo belaunaldietako eskolako ikasleei lagako diegun.