Zarzuelaren onena gaur iluntzean Coliseoan
Gaur (barixakua, hilak 7) 20.30etan Coliseo antzokiko taulak zarzuelarekin gainezka egingo du, genero horri eskainitako antologiari esker. Ikuskizunean estatu mailan oso ezagunak diren hainbat bakarlarik jardungo dute kantuan, besteak beste Miren Urbieta eta Helena Orcoyen soprano euskaldunek, Javier Agullo tenore valentziarrak eta Andres del Pino baritono madrildarrak, Sotto Voce soka-orkestrak eta Joseba Candaudap piano-joleak lagunduta. Gaurkoan, gainera, hainbat abesti eskaintzeko Sostoa abesbatzaren eta Isabel Laspiur eta Mª Karmen Etxeberria piano-joleen laguntza ere izango dute. Ozenki Elkartearen eskutik ailegatuko zaigun emanaldian zati bi bereiziko dituzte: lehen zatian El duo de la africana, La Gran Via, Luisa Fernanda eta beste zarzuela ezagun batzuetatik aukeratutako piezak abestuko dituzte, Las Bodas de Figaro eta Cuentos de Hoffman modukoetatik hartutako beste piezaren batekin batera. Eta bigarren zatiak "itsas-zaporea" izango duela aurreratu digute antolatzaileek: La Tabernera del Puerto, Chateaux Margaut y Marina eta beste batzuk eskainiko dituzte. Sostoak abestuko dituenen artean Jugar con Fuego (Barbieri), Alma de Dios (Jose Serrano) eta El Grumete (Emilio Arrieta) daude. Kontzerturako sarrera gehienak aurresalmentan saldu dira, baina azken orduan norbait animatuz gero gaur 19.30etatik aurrera erosteko aukera izango du, Coliseoko txarteldegian (25 euro).