Zelai Bide, Koskor, Topa-Leku eta Trinkete dira X. Gilda Lehiaketako sarituak
...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu duen X. Gilda Lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman ditu gaur eguerdian epaimahaiak (Mireia Alonso, Josu Mugerza eta Xabier Albizu). Gilda tradizional onenaren saria Zelai Bidek eraman du, "gilda tradizionalak izan behar duen guztia izateaz gain, osagaien kalitate eta gildaren zapore bikainarengatik", epaileen berbetan.

Gilda berritzaileenaren saria, berriz, Koskorrek bereganatu du. "Gilda tradizionalaren osagai guztiak ditu baina aldi berean berritzailea da, kalitatea eta zaporea alde batera utzi gabe. Horrez gainera, originaltasunean ere puntuazio altua lortu du".

Urtero bezala, aurten ere, herritarrek erabaki dute hirugarren saria. Boto guztiak zenbatu ondoren, Topa-Leku izan da herritarren saria bereganatu duen taberna.

Azkenik, epaimahaiak, laugarren sari bat ere ematea erabaki du, euren hitzetan aipamen berezia merezi baitu, gilda berritzailearen atalean, Trinketek aurkeztu duen gildak.

Bozketan parte hartu duten herritarren artean, bertoko produktuez osatutako otar ederra zozketatu du ...eta kitto!-k eta irabazlea Teresa Arizmendi izan da. Datorren astean jasoko dituzte sariak sarituek euskara elkartearen egoitzan.