Banatu dira X. Gilda Lehiaketaren sariak

Zelai Bide, Koskor, Topa-Leku eta Trinkete dira lehiaketako sarituak.
Banatu dira X. Gilda Lehiaketaren sariak
2026/02/10 13:54
...eta kitto! Euskara Elkartea

Aste honetan jaso dituzte sariak X. Gilda Lehiaketako irabazleek. Aurreko astean hiru egunez jardun dute lehian herriko hemezortzi tabernak eta barixakuan eman zuen ezagutzera epaia epaimahaiak. Martitzenean pasatu ziren …eta kitto! Euskara Elkartetik ondo merezitako sariak jasotzera.

Gilda tradizional onenaren saria Zelai Bidek jaso du, “gilda tradizionalak izan behar duen guztia izateaz gain, osagaien kalitate eta gildaren zapore bikainarengatik”, epaileen berbetan. Gilda berritzaileenaren saria, berriz, Koskorrek bereganatu du. “Gilda tradizionalaren osagai guztiak ditu baina aldi berean berritzailea da, kalitatea eta zaporea alde batera utzi gabe. Horrez gainera, originaltasunean ere puntuazio altua jarri diogu”.

Hirugarren saria, urtero moduan, herritarrek erabaki dute, tabernetan emandako botoen bitartez eta Topa-lekuk aurkeztutako gilda izan da irabazlea. Eta botoa eman duten herritarren artean …eta kitto! Euskara Elkarteak egin duen zozketan Teresa Arizmendik irabazi du bertoko produktuez osatutako otar ederra.

Azkenik, epaimahaiak, laugarren sari bat ere ematea erabaki du, euren hitzetan aipamen berezia merezi baitu, gilda berritzailearen sailkapenean, Trinketek aurkeztu duen gildak.

Mireia Alonso, Josu Mugerza eta Xabier Albizuk osatutako epaimahaiak lehiaketan ikusitako maila altua azpimarratu dute, “gainera, ez da urte ona izan zenbait osagairentzat, eta hala eta guzti ere ikusi da ahalegina egin dutela ahalik eta gildarik onena ateratzeko”.