Zortzi urteko borroka ospatzeko manifestazioa egin dute pentsiodunek

Euriari eta hotzari aurre eginez, zapatu eguerdian eskualde mailako manifestazioa egin zen Eibarren, Eibarko Pentsionisten Taldeak deituta. "HEL aurrera. Pentsio duinak guztientzat" goiburuari jarraitutako mobilizazioarekin Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren 8. urtemuga ospatu nahi izan zuten, pentsiodunen asteroko aldarrikapenak albo batera laga barik.
2026/01/19 12:07
Silbia Hernandez Arrazola

Euriari eta hotzari aurre eginez, zapatu eguerdian eskualde mailako manifestazioa egin zen Eibarren, Eibarko Pentsionisten Taldeak deituta. “HEL aurrera. Pentsio duinak guztientzat” goiburuari jarraitutako mobilizazioarekin Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren 8. urtemuga ospatu nahi izan zuten, pentsiodunen asteroko aldarrikapenak albo batera laga barik.
Manifestazioa Untzagatik abiatu eta bertan amaitu zen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 8 urteko borrokaren harira egindako komunikatua irakurrita. Zortzi urte hauetako borroka eta horri esker lortutakoa gogora ekartzeaz gain, argi laga zuten aurrera begira borrokatzen jarraituko dutela: “Guk aurrera jarraituko dugu, badakigu borroka dela aurrera egiteko gure bermea. Mendekotasunari arreta emateko zerbitzu publikoak, unibertsalak eta kalitatezkoak defendatzen jarraituko dugu. Pertsonen bizitzaren aurkako erasoak salatzen jarraituko dugu, hala nola Palestinako genozidio sionistaren kasuan, maila guztietako demokrazian eta hura sostengatzen duen aberastasunaren banaketa ekitatiboan. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) hobetzea eta LGS propioa eskatzen dituzten mobilizazio sindikalak babesten ditugu, baita martxoaren 17rako deitu duten Greba Orokorra ere. Badakigu gure helburuak lortzeko bermea borroka eta mobilizazioa direla. Horregatik, 2018an lortu genuen 0,25arekin amaitzea, eta 2026an gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatzea lortuko dugu, pentsiodun guztientzat diru-sarrerak nahikoak, eta genero-arrakala amaitzea”.