Haurreskolen egoera aldatu ez dela salatu dute hainbat gurasok

Haurreskolen egoera aldatu ez dela salatu dute hainbat gurasok
2026/03/10 10:51
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko hainbat familiak salatu dute haurreskoletako plaza faltaren arazoak bere horretan jarraitzen duela. Gurasoen arabera, haurreskola publikoetan ez dago nahikoa leku, eta horrek familia askori eragin zuzena egiten dio egunerokoan. Izan ere, guraso batek jada urrian azaldu zion egoera …eta kitto! hedabideari egindako elkarrizketa batean.

Familien esanetan, egoera dela eta, batzuek laneko eszedentziak eskatu behar izan dituzte, eta beste askok inguruko herrietako haurreskoletara eraman behar izan dituzte seme-alabak; besteak beste, Elgoibar, Elgeta edo Berrizera.

Kexu dira, halaber, azken udal osoko bilkuran guraso batek egindako galderen aurrean alkatetzatik emandako erantzunekin. Gogorarazi dutenez, “urtarrilaren 30ean Udalak haurreskola berrien obrak iragarri zituen, baina martxoa iritsi da eta oraindik ez dakigu ezer”. Salatu dutenez, ez zaie inolako informaziorik helarazi, eta egoera berean jarraitzen dute, zer egin jakin gabe. Familien arabera, erakundeek azalpen baikorrak eman arren, egoerak ez du benetako aldaketarik izan. “Ez dugu ulertzen zertan ari diren Udalean”, gaineratu dute.

Gurasoen galdeketa

Gurasoek egindako galdeketa baten arabera, parte hartu duten familien artean zortzi pertsona daude eszedentzian, bostek lanaldia murriztuta dute eta zazpik lanean jarraitzen dute inguruko senideen laguntzari esker. Beste batzuek baimenak hartu behar izan dituzte edo seme-alabak beste herri batzuetako haurreskoletara eraman dituzte.

Gainera, gurasoek ohartarazi dute 2025-2026 ikasturtean haurreskola berriak irekitzen ez badira edo bertan plazarik lortzen ez badute, familia askok egoera zailari aurre egin beharko diotela: eszedentziak hartu, lanaldia murriztu edo zaintzailea ordaindu beharra, besteak beste.

Hezkuntza teknikariaren figura

Egoeraren aurrean, guraso talde honek berriro eskatu du Eibarko Udalean hezkuntza teknikariaren figura sortzea, haurreskolen eta hezkuntza arloko beharrak modu egokiagoan kudeatzeko.

Haien esanetan, neurri horrek familiek bizi duten egoerari erantzun egokiagoa ematen lagunduko luke, eta informazio eta koordinazio hobea bermatuko lituzke.