Abiatu da EuskarAbentura 2019 espedizioa!

Abiatu da EuskarAbentura 2019 espedizioa!
2019/07/02 eta kitto!
Mauletik abiatu dira, iaz bezala, EuskarAbenturan parte hartuko duten 121 gazteak eta euren begirale eta zaindariak, eta aurten ere Getxo izango dute helmuga uztailaren 31n. Ia 800 kilometroko ibilbidean geraldi ugari egingo dituzte, Euskal Herria goitik behera ezagutzeko. Smartphonetan deskargatzeko aplikazioa eta Belaunaldi Arteko Egunak dira aurtengo ekitaldiak dakartzan berrikuntza nabarmenenak.

Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 121 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duten xerpa-, osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 25 lagunak Maulen elkartu ziren atzo eguerdian. Harrera labur baten ostean, neska-mutilak taldeka multzokatu zituzten eta, hilabete oso batean zehar erreferentziazkotzat izango duten xerparekin (begiralea) batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin zuten. Bazkalostean, aldiz, espedizioari eta horren antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso zuten. Arratsaldean Mauleko Alkateak hartu zituen herriko plazan, eta talde-argazkia egin zuten azken honekin. Gaua JaiAlaien pasatu zuten eta gaur, goizean goiz, bideari ekin diote oinez

Gogoratu EuskarAbentura 2019 espedizioko ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten duela aurrera: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.

 

SMARTPHONETAN DESKARGATZEKO ‘EUSKARABENTURA’ APLIKAZIOA

Espedizioa lehen pertsonan bizi ezin baina gertutik jarraitu nahi dutenentzat tresna baliagarria izango da ‘Euskarabentura’ aplikazioa. Eibarren kokatuta dagoen Codesyntax enpresa hornitzaileak garatu du, eta Android nahiz iOS sistemetarako erabilgarri dago jada. Batetik, espedizioa unean-unean eta mapa baten gainean proiektatuta geolokalizatuko du. Bestetik, etapa bakoitzaren xehetasun teknikoak (kilometro kopurua, gainbehera, puntu garaiena nahiz baxuena, profila, zeharkatzen dituen herriak… etab.) jasoko ditu: "Jzioquitarrek espedizioak iraun bitarte egin nahiz grabatutako argazki eta bideoak ere erakutsiko ditu, arian-arian eta geolokalizatuta". Gainera, parte-hartzaile guztiei buruzko aurkezpen labur bana eta zenbait bitxikeria biltzen dituzten profil-fitxak ere izango dira ‘Euskarabentura’ aplikazio honetan ikusgai.

Deskargatu EUSKARABENTURA APPa hemen

 

OIER ARAOLAZAREKIN SAIOA


Kezka eta Argia taldeetan dantzan aritzen den Oier Araolaza eibartarrarekin elkartzeko aukera izango dute EuskarAbenturako gazteek, uztailaren 24an,  Zarautzen.  Korrotik Pikutara hitzaldi dantzatua eskainiko die Araolazak.  Xehetasun guztiak Oier Araolazari egindako elkarrizketa honetan irakur daitezke.



 

BELAUNALDI ARTEKO EGUNAK

Neska-mutil euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea da EuskarAbentura egitasmoaren helburu garrantzitsuenetako bat, "eta hain justu horretarako ekarriko ditugu Belaunaldi Arteko Egunak: iazkoak eta aurtengoak nahasteko, eta harremanetan jartzeko. Horrenbestez, uztailaren 7an eta 24an, EuskarAbentura espedizioko bi edizioetako gazteek elkar ezagutu eta eguna elkarrekin pasatzeko aukera bana izango dute".

Uztailaren 7ko egunera batzeko elkargunea Zubiriko frontoi ondoko parkinga izango da, goizeko 9:00etan. Handik abiatuta, Iruñara bitarteko 23 kilometroak izango dituzte hartuemana egiteko, esperientziak partekatzeko, elkarri galderak luzatzeko eta, nahi izanez gero, kontaktua gal ez dezaten elkarri helbide eta telefonoak emateko! Nafarroako hiriburura iritsita, arratsalderako aurreikusitako ekintzetan ere denek batera hartuko dute parte, harik eta egunaren amaieran 2018ko jzioquitar ‘beteranoek’ espedizioa utzi eta euren etxeetara itzuliko diren arte.

Uztailaren 24ko dinamika ere berbera izango da. Belaunaldi Arteko bigarren egun honetan parte hartu nahi duten gazteek goizeko 9:00etan dute hitzordua, kasu honetan Donostiako udaletxeko eskaileren aurrean, Alderdi Eder plazan. 2018ko eta 2019ko jzioquitarrek bigarren aukera bat dute, beraz, elkar harilkatzeko eta sarea sendotzeko. Honako hau 22 kilometroko etapa izango da, kostaldekoa, Gipuzkoako hiriburutik Zarautzerainokoa. Zarautzerako prestatutako egitaraua burututa, ‘beteranoek’ espedizioa utzi beharko dute.

 

EuskarAbenturako Irati Labaienekin ...eta kitto! astekarian martxoan egindako elkarrizketa hemen irakur daiteke: https://etakitto.eus/berriak/kultura/euskarabentura-2019-espedizioa-aurkeztuko-dute-euskararen-transmisioari-buruzko-mintegian.html

EuskarAbentura 2019 Espedizioa hizpide aurtengo Euskararen Transmisioari buruzko Mintegian