Aitor Arrieta: “Gazteak konpromiso horrekin ikustea zoragarria iruditzen zait”

0    Berriak, Eibar 
ETA KITTO
Aitor Arrieta: “Gazteak konpromiso horrekin ikustea zoragarria iruditzen zait”
ETA KITTO 2021, Mar 12

Gurutze Gorriko boluntarioa da Aitor Arrieta gazte eibartarra. Pandemia hasi zeneko lehen asteetan beharra zutenei laguntzeko bere burua eskaini eta Gurutze Gorriko boluntarioen taldean sartu zen. Egun, talde horretan dihardu bestelako laguntzak ematen.

Konfinamendua hasi eta berehala jendeari laguntzeko taldea sortu zenuten Gurutze Gorrian. Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?

Ni pandemia hasi zenean sartu nintzen Gurutze Gorriko boluntarioen taldean. Facebook bitartez jakin nuen laguntza behar zela boluntarioen taldean eta momentu horretan ezin nuenez lanera joan eta etxean egon behar nintzenez, herriari eta beharra zuten pertsonei nire laguntza eskaintzea erabaki nuen. Bi aldiz pentsatu gabe nire izena eman nuen Gurutze Gorriko taldean eta Whatsapp talde batean sartu ninduten jakinarazpenen berri izan nezan. Hasieran, beste ezer egiten hasi aurretik, higiene-eta prebentzio-neurrien berri eman ziguten (eskuak nola garbitu, eskularruak noiz erabili, distantziak nola zaindu…). Egun denok oso barneratuta ditugun kontuak izan arren, momentu hartan inork ez zekien zer egin horrelako egoera batean.

Zein zen zure eguneroko jarduna?

Hasiera batean pertsona nagusiei eta COVID-19a gertu zuten konfinatuei erosketak egin eta haien etxera eramaten genizkien. Whatsappeko taldetik idazten ziguten esanez zenbat lagun behar zituzten zeregin bakoitzeko, eta norberak ondo zegokionean ematen zuen izena. Nola hartzen zintuzteten euren etxeetan? Beldurra sumatzen genuen jendearen aldetik. Asko eskertzen ziguten emandako laguntza, baina nik sumatzen nuen oso beldurtuta zeudela orokorrean. Erosketak etxeetara eramaten genituenean bi metroko distantzia gordetzen genuen eurekin, bai gu geu babesteko eta baita beste pertsonaren babesa bermatzeko ere. Nire etxera iristen nintzenean etxekoak babesten saiatzen nintzen, heldu bezain azkar arropa guztia lagatzen nuen aireztatzen balkoian eta ni dutxara joaten nintzen zuzenean.

Nola antolatzen zineten? Zuk bezala, zenbat lagunek eskaini zuten euren burua lan hori egiteko?

20-30 laguneko boluntariotaldea osatu genuen eta, lehen esan bezala, gure arteko antolaketa Whatsapp bitartez egiten genuen, bertatik jasotzen genituelako abisu eta behar guztiak.

Esango zenuke gazteek izan dutela kontzientzia egoera honekiko?

Egia esan, asko harritu ninduen Gurutze Gorrian boluntario hasi nintzenean taldean sartutako gazte kopuruak. Pertsona helduak egoteaz gain, ni baino gazteagoak ziren pertsona askok eman zuten izena taldean, 18-21 urte bitartekoak, hain zuzen. Gazteak konpromisu horrekin ikustea zoragarria iruditzen zait.

Zein zerbitzu eskaini dituzue hilabete hauetan zehar?

Erosketak egiteaz gain, bestelakoak ere egin ditugu; hala nola, garraio publikoko bidaiariei musukoak eskaini, supermerkatuetakoek dohaintzan emandako janaria Elikagai Bankukoei edo beharra zuten pertsonei banatu, ikasleentzako ordenagailuak eta wifiak eman, informazioa eskaini herritarrei… Une bakoitzean sortu diren beharrei egokitu gara eta, ahal izan dugun neurrian, laguntzen saiatu gara beti.

Laguntzeko indarrarekin jarraitzen duzue? Gaur egun zein da zuen egitekoa?

Egun, Elikagai Bankuko hilabeteroko banaketaz arduratzen gara, batetik. Eta, bestetik, laster argitara aterako den proiektu batean buru-belarri gabiltza lanean, beharra duten ikasleei zuzenduta dagoena. Ikasle askok bizi duten egoera zailean laguntza emateko helburuarekin sortu dugu ekimena, bai arlo akademikoan eta baita arlo pertsonalean ere bidelagun izateko.

Gazte askok hartu duzue parte ekimen horretan. Nola ikusi duzu gizartearen aldetik gazteek jaso duten tratamendua?

Ikusten dut jende askok eta askok gazteei leporatzen digula bizi dugun egoeraren erantzukizuna. Nik uste dut ez dela adin-tarte zehatz baten errua, baizik eta neurriak errespetatzen ez dituzten horienak, izan haurrak, izan nerabeak, izan gazteak, izan helduak edo izan adinekoak. Erantzukizuna neurriak errespetatzen ez dituzten guztiena da, baina ez dago adintarte zehatzik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »