ALFAko langileek manifestazioa deitu dute gaurko, 19:00etan Untzagatik abiatuta

ALFAko langileek manifestazioa deitu dute gaurko, 19:00etan Untzagatik abiatuta
ETA KITTO 2018, Ots 16

ALFAko langileek euren lanpostuen aldeko borrokan jarraitzen dute eta, bide horretan, gaurko manifestazioa deitu dute, 19:00etan Untzagatik abiatuta. Mobilizazioekin batera, langileen ordezkariek hainbat bilera izan dituzte erakunde publikoetako ordezkariekin eta bilera gehiago egitea aurreikusi dute.

IMG_5279

EIBARKO SOZIALISTEN BABES ETA ELKARTASUNA

Eibarko Sozialistek atzo erredakziora bidali zuten idatzian, Alfako langileek bizitzen diharduten egoera larria dela-eta, langileei euren babes eta elkartasuna adierazi nahi diete: “Gure errespetu osoa merezi dute berdin-berdin greban dauden langileek zein, gatazka pertsonal guztien gainetik, lanera joaten jarraitzen dutenek”.

Komunikatuan diotenez, Eibarko PSE-EEko zuzendaritzan kezkatuta daude Eibarko familia askorentzat lantegia ixteak suposatuko lukeen dramaten aurrean eta, “horregatik, ALFAko Enpresa Batzordeak gaurko deitu duen manifestazio-deialdiarekin bat egitea” erabaki dute. Horrez gain, afiliatu eta lagunak manifestaziora joatera animatu nahi dituzte, “ALFAk aurrera jarraitzea ahalbidetuko duten irtenbideak eta gure herrian lanpostuak suntsitzea saihestuko duten konponbideak eskatzeko”.
Idatziak jasotzen duenez, “langileekiko gure konpromisoarengatik, ALFArekiko gure lotura sentimental bereziarengatik eta enpresaren jarduera bertan behera lagatzeak Eibarko familia askorengan eta, beraz, herriaren ekonomian eragingo lituzkeen ondorio larriengatik, enpresari zein instituzioei dei egiten diegu, zabaldu den prozesu honi ahalik eta konponbiderik onena emateko euren esku dagoen guztia egin dezaten. Eta PSE-EEk konponbidea egokitzat emateko ALFAko 130 langileak lan merkatutik ez kanporatzea, beste biderik ez dago”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »