[ELKARRIZKETA] Andrea Garcia, logotipo lehiaketako irabazlea

[ELKARRIZKETA] Andrea Garcia, logotipo lehiaketako irabazlea
2021/02/12 eta kitto!
Udalak Eibarko hiriaren 675. urteurrenaren logotipoa diseinatzeko lehiaketa jarri zuen abian, eta Andrea Garcia 21 urteko gaztea izan da irabazlea. Guztira 11 lan aurkeztu dira eta epaimahaiak horietatik hiru hautatu zituen herri-bozketa bidez irabazlea aukeratzeko. “Eibarko 675. urteurrenaren oroipena” izena jarri dio artistak bere lanari.

-Lehenik eta behin, zorionak! Zer sentitzen duzu? Espero zenuen irabaztea?

Oso-oso pozik nago. Ez dakit irabazlea izatea espero nuen edo ez, baina ilusio handia egin dit. Urte dexente daramatzat Eibartik kanpo bizi izaten, eta nire jaioterriko lehiaketa bat irabaztea ohore handia da niretzat.

-1.346 euroko saria irabazi duzu, ez da gutxi. Zer egingo duzu irabazitakoarekin?

Egia esan, diru-kantitate handia da, eta asko eskertzen da. Izan ere, oro har, oso gutxietsita dago artiston lana, jendeak ez dio behar duen balioa ematen. Horregatik diot horrelako sariak oso ondo daudela, mundu honetan gabiltzanak horrelakoei esker egiten baitugu aurrera. Irabazitakoa aurreztea da nire helburua, behar dudanean hor izateko.

-Nolatan erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Gertuko baten bitartez izan nuen lehiaketaren berri. Parte hartu ahal izateko baldintzak betetzen nituela ikusita, logotipoa sortzera animatu nintzen.

-Zenbat denbora eskaini diozu lanari? Nola antolatu duzu denbora?

Horrelako lanei nahiko denbora eskaini behar izaten zaie. Nahiz eta kanpotik logo bat besterik ez dela ematen duen, horren atzean lan handia dago. Logotipo batekin oso modu argian irudikatu behar da esan nahi dena, kasu honetan, Eibarko hiriaren historia. Emaitza ona lortzeko, ezinbestekoa da hainbat proba egitea: kolorea, tipografia...

-Nola bururatu zitzaizun diseinuaren ideia? Zer irudikatu nahi izan duzu logotipoarekin?

Eibarrek hiri moduan zer irudikatzen duen azaldu nahi izan dut logotipoaren bitartez. Oinarrizko elementu gisa, eta gainontzeko beste guztiak batuz, tokiko armarriaren San Andresen gurutzea dago; hiriaren izenaren zati bat osatzen duena. Goiko zatian sua dago, San Juan jaietako sua ordezkatzen duena. Bere ezkerrean, kolpekaria dago, Eibarren egindako armak islatzen dituena, baita armagintza sektorea ere. Bere eskuinean, goitik begiratuta dultzaineroak daude, San Juan zaindariaren jaien hasierako ekitaldiaren elementu adierazgarria.

-Irabazi duzu inoiz estilo horretako lehiaketarik, edo lehen aldia da?

Lehen aldia da horrelako lehiaketa batean parte hartzen dudana. Oso gogobetegarria da, lehen aldia izanda, irabazle suertatzea. Baina oraindik ere pozgarriagoa da jakitea nik diseinatutako logotipoa hiria ordezkatzeko elementu gisa erabiliko dela hemendik aurrera.