Andretxea Eibarko Emakumeen Etxeak webgune berria aurkeztu du

0    Berriak 
Silbia
Andretxea Eibarko Emakumeen Etxeak webgune berria aurkeztu du
2018, Ira 13

Eibarko Udaleko Berdintasun Arloak “Berdintasun Zerbitzua-Andretxea” izenburuko mikrosite edo webgune berria sortu du eta gaur egin du horren aurkezpena. Web orri berriaren helbidea www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea da (gaztelerazkoa zabaltzeko helbidea: www.eibar.eus/es/igualdad-andretxea). Ekimena Eibarko Udaleko Berdintasun Arloak egindako “Eibarren Emakumeak eta Gizonak Berdintzeko IV. Plana” izeneko dokumentuan jasota dago eta, bertan azaltzen denez, “helburua benetako berdintasuna sustatzeko komunikazioa hobetzea da”.

Aurkezpenean azaldu dutenez, aurrerantzean hori izango da Andretxeako webgune ofiziala eta, beraz, orain arte martxan egon den andretxea.kzcomunidades.net helbidea desagertu egingo da. Esandakoaren arabera, “helburu nagusia Berdintasun Arloaren eta Andretxearen jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea eta, besteak beste, ikastaro, hitzaldi edota ekimen ezberdinei buruzko berriak uneoro zabaltzea da”.

Gaur aurkeztu dutena “Andretxeatik erabili izan den webgunea baino askoz dinamikoagoa eta interaktiboagoa da eta hobekuntza nabarmenak dauzka irisgarritasun aldetik. Gainera, ‘responsive’ diseinua erabili da, hau da, gailu ezberdinetan ikus daitekeen orrialde berbera, horrela edozein smartphone edo tabletetik zabalduta erraz ikus dadin. Erabiltzaileek bilatzen dutena errez topatzea da asmoa”.

Mikrosite berriak izango dituen edukiak hainbat ataletan banatu dituzte eta, horrekin batera, Andretxeak Facebook, Twitter eta beste sare sozialetan dituen kontu ofizialak jarraitzeko, mikrosite berriaren azpian, eskumaldean dauden ikonoetan sakatu dezakete interesatuek. Patricia Arrizabalaga Berdintasun Arloko zinegotziaren berbetan, “Andretxeako mikrositea martxan ipinita, Berdintasun zerbitzua hobetzeko beste aurrerapauso bat eman dugu. Webgune berriak herriko talde eta elkarteei Andretxeako lokaletan erreserba hobeto egiteko aukera emango die, besteak beste. Gainera, bertan antolatzen diren hitzaldi, ekimen edota ikastaroen matrikulazio epeei buruzko informazioa modu zabal, argi eta errazagoan emango da. Mikrosite berri horretan, halaber, Emakumearen Mahaiak eta herriko elkarteek eta taldeek etengabe eguneratuko den beren atal propioa izango dute”.

berdintasun web aurkezpen

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »