Andutzera mendi ibilaldi gidatua antolatu du Geoparkeak zapaturako

Andutzera mendi ibilaldi gidatua antolatu du Geoparkeak zapaturako
2019/12/09 eta kitto!
Mendien Nazioarteko Eguna da abenduaren 11a eta, horren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Mendiak, ura eta Klima Aldaketa” mendi ibilaldi gidatua antolatu du abenduaren 14rako (zapaturako). Goizeko 09:30ean abiatuko da ibilaldia, Itziarko Plazatik, Andutz gailurrera. Bidean hainbat geldiune egingo dira inguruak eskaintzen dituen altxorrez gozatzeko. Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta geologoek gidatuko dute ibilaldia eta euskeraz emango dituzte azalpenak.

Antolatzaileen berbetan, “mendi irteera honetan Geoparkeko mendien sorrera eta bilakaerari buruz hitz egingo dugu eta Geoparkearen uraren jatorriaz arituko gara. Horrez gain, klima aldaketak gurean dituen ondorioak eta mendiek izango duten papera aztertuko dugu. Gainera, igoeran berreskuratu berri den elurzulo bat ikusiko dugu”.

Geoparkeko behatoki pribilegiatua den Andutz mendiko ibilaldiak lau bat orduko iraupena izango du. Parte hartzea doakoa da eta joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, labur.eus/mendiak2019 formularioan edo 943 19 24 52 telefonora (Debako turismo bulegoa) deituta. Plazak mugatuak dira.