Ane Escolar: “Ni neu kutsatzeak baino gehiago beldurtzen ninduen ingurukoei gaitza transmititzeak”

Ane Escolar: “Ni neu kutsatzeak baino gehiago beldurtzen ninduen ingurukoei gaitza transmititzeak”
2021/03/12 eta kitto!
Orain dela bost urte hasi zen Ane Escolar Eibarko zaharren egoitzan lanean. Gertutik ikusi du Anek nola hiltzen zituen COVID-19ak aitona-amonak, eta zein egoera tristean bizi izan dituzten haiek bizitzako azken momentuak.

Nola bizi izan zenituen hasierako momentuak? Bazenuten koronabirusaren inguruko informazio nahikoa? Eta babeserako ekipoa eta baldintza egokiak?

Oso gogorra eta beldurgarria izan zen pandemiaren hasiera. Koronabirusa egoitzara iritsi zen eta horren aurrean ezjakintasuna zen nagusi: bertako langileok ez genekien nola jokatu, zer egin, ez genuen inolako informaziorik… Babeserako ekipoari dagokionez, lehenengo egunetan musuko kirurgikoak eman zizkiguten, baina hori ez zen nahikoa kutsatutako pertsonekin egoteko, musukoek ez baitzuten langileon segurtasuna bermatzen. Poliki-poliki babeserako ekipoak iristen joan ziren, eta babes-neurriak handitu zizkiguten.

Langileok nola bizi izan duzue hori guztia? Eta pazienteek?

Langileok gure lanaldia amaitu ostean etxera bueltatzen ginen, eta hori arriskutsua zen etxekoentzat. Ni neu kutsatzeak baino gehiago beldurtzen ninduen ingurukoei gaitza transmititzeak. Oro har, koronabirusa izan duten gazteek ondo pasatu dute gaixotasuna, inongo arazorik gabe, eta horren adibide izan dira nire lankideetako asko. Pazienteei dagokienez, denetarik dago: dependentzia handia duten asko ez ziren egoeraz ohartu ere egin, baina beste batzuk oso kontzientzi ziren gertatzen ari zenaz. Bakarkako logeletan zeuden pazienteentzat oso gogorra izan zen: egun osoa bakarrik, isolatuta, etxekoak ikusi ezinda… Langileok astronauta jantzita sartzen ginen haiengana, eta igartzen zen gertutasun falta zutela, besarkadak eskatzen zituzten eta ezin genuen nahi beste kontaktu izan eurekin. Afektua behar fisiologikoa da, eta ikustea norbaitek zure babesa behar duela eta ezin diozula hori eman oso gogorra zen.

Zein da pazienteen egoera orokorra? Nolako jendea dago zentroan?

Ez dago profil zehatzik, denetarik dago: batzuek autonomia maila altua daukate; beste batzuk, aldiz, guztiz menpekoak dira. Dependentzia mailaren arabera sailkatzen ditugu taldeka edo solairuka eta, nire kasuan, desgaste handia duten pazienteekin egiten dut lan.

Gaur egun nolako egoera duzue lanean?

Gure egoitzan dagoen egungo egoera nahiko ona da. COVID19arekin lan egin dugunok eskarmentua hartu dugu eta egoerarekiko beste ikuspuntu bat daukagu orain. Behin esperientzia bizi izanda, badakigu nola jokatu eta zer egin momentu bakoitzean, eta horrek segurtasuna ematen du. Gainera, lantaldeak hain ondo funtzionatzen du, non ez daukagun inongo arazorik lan egiteko. Ziur nago gaur egun horrelako beste egoera bat bizitzea tokatuko balitz, gauzak askoz hobeto joango liratekeela.

Zer izan da gogorrena?

Nire ustez, zalantzarik gabe, gogorrena aitona-amonak bakarrik hiltzen ikustea izan da. Etxekoak momentu latz horietan gertu ez izatea oso gogorra da, bai familiarentzat eta baita hiltzen ari denarentzat ere. Langileok gure lanpostura sartzen ginenean ez genekien zer topatuko genuen egun bakoitzean, ez genekien bezperan lagatako aitona-amonek haien lekuetan jarraituko zuten edo ez. Eguneroko ezjakintasuna eta mugimendua zoramen hutsa izan ziren.

Zaintza-lanak gehiago baloratzeko balio izan du honek guztiak? 20:00etako txaloak ahaztuta ditu dagoeneko gizarteak?

Egia da pandemia garaian langile gehiago eskatu zirela eta eman egin zizkigutela, baina gaur egun oraindik ere lehengo gabeziek bere horretan diraute. Pandemia ondoren herritarrek ez dute gure lana gehiago baloratzen, eta etxealdian arratsaldeko 20:00etan egiten ziren txaloak ondo geratzeko besterik ez ziren egiten; oro har, gure lanak oraindik ere ez du merezi duen aitortza jasotzen.