Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute gaur arratsaldean Klub Deportiboan

Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute gaur arratsaldean Klub Deportiboan
ETA KITTO 2018, Api 24

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Argazkilaritza Maiatzean Klub Deportiboan. Urteroko martxan, erakusketek osatuko dute Deporreko Argazkilaritza Taldekoek prestatu duten egitarauaren ardatza: maiatzaren 4tik aurrera bederatzi erakusketa “oso garrantzitsu eta ezberdin” ikusteko aukera izango da Eibarren. Horien artean, aipamen berezia egin diote Eulalia Abaitua Allende-Salazar argazkilariaren lanek osatuko dutenari: “Orain dela 100 urte baino gehiago ez zen bat ere ohikoa emakumea izanda argazkilaritzan jardutea”. Hala ere, 1853an Bilbon jaiotako argazkilariak balio handiko fondoa laga digu ondorengo belaunaldiei, Bilboko Euskal Museoaren esku 2.000 plaka estereoskopiko baino gehiago eta beste formato batzuetako 500 bat argazki daude-eta. Gaurko aurkezpenean parte hartu duten Euskal Museoko ordezkariak “pozarren” azaldu dira argazki horietako batzuk Argazkilaritza Maiatzean erakutsiko dituztelako. Gainontzeko erakusketak Oskar Manso, Felix Marban, Miguel Parreño eta Virginia Arakistain argazkilarien lanek osatuko dituzte, taldekako beste hirurekin (Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldea, Nazioarteko Gipuzkoa Saria eta Argizaiola Saria) batera. Argazki erakusketa horiek herrian dauden areto guztiak beteko dituzte eta, hori dela eta, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete hori posible egiten duten guztiei.

Bestalde, ohikoa den moduan argazkilaritza-tailerra ere eskainiko dute: maiatzaren 12an izango da, Portalean, eta Gonzalo Azumendik emango du (izena emateko argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzi behar da eta 20 euro balio du). Maiatzaren 19an, berriz, kalera aterako dute argazkilaritza, arratsalde osoa Untzagan emango dute-eta. Eta egitaraua biribiltzeko, maiatzaren 27an argazki rallya egingo da, zuribeltzean zein digitalean.

argazkilaritza aurkezpen panoramika

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »