Arraguetako kaltetutakoei laguntzeko ia 7.000 euro bildu ditu SD Eibar Fundazioak

Arraguetako kaltetutakoei laguntzeko ia 7.000 euro bildu ditu SD Eibar Fundazioak
2020/01/14 eta kitto!
Arragueta kaleko kaltetuei laguntzeko asmoz SD Eibar Fundazioak bildutako 6.893,98 euroak Udalari eman dizkiote gaur goizean. Miguel de los Toyos alkatearekin batera, ekitaldian Mikel Larrañaga Eibar Fundazioko presidenteordeak eta eta Jon Ander Ulazia Klubeko kontseilari ordezkariak hartu dute parte ekitaldian eta, azaldu dutenez, kopuru horretatik 6.315 euro iazko azaroan Eibar-Alaves partidua jokatu zenean bildu zuten (euro bat ikustera joandako lagun bakoitzeko) eta gainerako 578,98 euroak, berriz, “Fila 0” delakoari zein jendeak egindako donazioei esker jaso zuten. Alkateak Eibarko ordezkariei eskerrak eman dizkie, “kaltetuei laguntzeko emandako diruarengatik, baina, batez ere, ezbeharra gertatu eta berehala laguntza emateko prest agertzeagatik”. Eibarko ordezkariek, bestalde, horrelako ekimenak klubaren izaeraren parte direla ekarri dute gogora: “Beste batzuetan ere kanpoan gertatu diren ezbeharretan kaltetu direnei lagundu badiegu, herrian bertan laguntza behar zela ikusita, derrigorrez lagundu behar genuela uste dugu”.

Arragueta kalean, 15. zenbakiko horma zati bat bezperan erori eta gero, hurrengo egunean (azaroaren 13an) bertako bizilagunak etxetik atera behar izan zituzten eta, ondoren, gauza bera egin behar izan zuten aldameneko eraikineko bizilagunekin ere. Kaltetutako etxebizitzen eraispenak 39 bizilaguneri eragin die guztira eta, esan dutenez, bildutako dirua bizilagun horiei laga dizkieten etxeetarako altzariak eta premiazko beste gauza batzuk erosteko erabiliko da.