SD Eibar-en Areitioko kirol-hiria inauguratu dute

Klubaren abonatuek eta akziodunek bisita gidatuak egin ahal izango dituzte irailaren 21etik urriaren 2ra
2026/09/18 13:18
Ekhi Belar Errasti

Mugarria ezartzen duen eguna izan da gaurkoa SD Eibar-entzat. Areition (Mallabia) eraiki duen kirol-hiria aurkeztu du hedabideen eta erakunde ezberdinetako ordezkarien aurrean, eta tartean izan dira Amaia Gorostiza SD Eibar-en presidentea, Imanol Pradales lehendakaria, Javier Tebas LaLiga-ko presidentea eta Rafael Louzan Espainiako Futbol Federazioaren presidentea, besteak beste.

Ordezkariek zinta moztu aurretik, hedabide ezberdinetatik joan garen kazetari, argazkilari eta kameralariek instalakuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu, eta kirol-hiriaren zehaztasunak eman dizkigute.

Jarraian, esan bezala, erakundeetako ordezkariak etorri dira eta eurek ere bisita gidatua egin dute, mokadutxoa jan aurretik.

 

11 hektarea eta 5 zelai

Kirol-hiriak klubaren egitura guztia espazio berean biltzeko helburua du: emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeak (bertan entrenatzen dute) eta harrobia (entrenatzeaz gain, bertan jokatzen dituzte etxeko partidak).

Areitioko lehen fasea 2025ean jarri zen martxan, eta orain proiektuaren garapenak klubaren jarduera kirol guztia bere instalazio propioetan zentralizatzea ahalbidetzen du.

Konplexuko eraikin nagusien artean ‘Errendimendu Handiko Eraikina’ eta ‘Tribuna Eraikina’ daude. Lehenengoak hiru solairu eta 3.000 metro koadroko azalera eraikia ditu, eta lehen taldearen eguneroko jarduerarako prestatuta dago, besteak beste, gimnasioarekin, fisioterapia eta mediku-gunearekin, atseden-eremuekin eta aldagelekin. Tribuna eraikinak, berriz, 17 aldagela ditu, baita materiala gordetzeko espazioak eta klubaren harrobiko jarduerarekin lotutako beste gune batzuk ere.

Bost zelaietako hiru artifizialak dira, laugarrena hibridoa eta bosgarrena belar naturalekoa. Horri esker, entrenamenduak, partidak eta lan espezifikoak aldi berean egiteko aukera izango du klubak.

Kirol-jardueraz gain, proiektuak jasangarritasunari ere erreparatzen dio, aerotermia, energia fotovoltaikoa, euri-uren berrerabilpena eta ureztaketa digitalizatua bezalako sistemekin.

 

Abonatu eta akziodunentzako bisitak

Inaugurazioaren ondoren, SD Eibar-ek abonatuei eta akziodunei ere instalazioak ezagutzeko aukera eskainiko die. Bisita gidatuak irailaren 21etik urriaren 2ra egingo dira, astean zehar goizez eta arratsaldez, 11:00etan eta 19:00etan.

Bisitaldiak doakoak izango dira, baina izena ematen duten pertsona guztiek SD Eibar-eko abonatu edo akziodun izan beharko dute. Izena klubaren sarreren webgunearen bidez eman daiteke, eta Areitiora joaten direnentzat aparkalekua ere egongo da.

Informazio gehiagorako, tickets@sdeibar.com helbidera edo 943 201 831 telefonora (1. luzapena) jo daiteke.