Arrate Baroja: “Gogo eta ilusio handiarekin hasi dugu aurtengo denboraldia”

Arrate Baroja: “Gogo eta ilusio handiarekin hasi dugu aurtengo denboraldia”
ETA KITTO 2021, Mar 26

Arrate Baroja: Ipuruako Gimnasia Erritmikoko kidea

Aurreko astean jokatu zen Espainiako Gimnasia Erritmikoko txapelketa Valentzian. Arrate Baroja, Ipuruako Gimnasia Erritmikoko gazte eibartarra, bere sei taldekideekin batera bertaratu zen lehiaketan parte hartzera. Nahiz eta haiek egindako lanaz harro egon, ez dira lortutako emaitzarekin ados bueltatu etxera.

Zer moduz joan zaizue Espainiako Txapelketan? Espero zenuten emaitza lortu duzue?

Egia esan, guk egindako lanarekin oso pozik bueltatu gara, oso ondo atera zitzaizkigun egin genituen bi paseak. Emaitzarekin, ordea, ez gara gustura gelditu: ez geneukan inolako helburu zehatzik, baina hain ondo egin ondoren ez genuen espero izandako nota; ez dugu ulertzen eta, notaren xehetasunei erreparatu ondoren, gauza arraroak daudela ikusi dugu, akats informatikoren bat egon delakoan gaude. Guk oso pase onak egin genituen, baina zapuztuta bueltatu gara, jarritako nota gure ustez ez delako bidezkoa. Bi aldiz atzeratu da lehiaketa pandemiaren ondorioz. Hirugarrengoan, aldiz, aurrera eramatea lortu da.

1616412657441

Zer sentitzen da hainbeste etenaldi, atzeraldi… gertatzean?

Oso denboraldi luzea egin zaigu. Hasieran data batzuk zehaztuta zeuden arren, poliki-poliki horietako gehienak atzeratu edo bertan behera geratzen joan dira. Azkena urtarrilean, adibidez, txapelketa baino egun batzuk lehenago pasa ziguten abisua esanez atzeratu egingo zela. Asteak eman ditugu inongo informaziorik jaso gabe, ez genekien noiz eta non jokatuko zen, eta martxoaren hasieran, lehiaketa baino 10 egun lehenago, hain zuzen, eman ziguten jakinarazpena. Ziurgabetasun handiarekin bizi izan dugu denboraldi hau, eta ezjakintasun horrek motibazioa galtzera eraman zaitzake. Hala ere, guk ez dugu etsiko eta ilusioz ekingo diogu bideari.

Zein modalitatetan hartu duzue parte?

2020ko denboraldi honetan taldekakoetan bakarrik hartu dugu parte, senior mailan bost pilotarekin. Udazkenean bakarkako txapelketak egiten ziren arren, gure klubak haietara ez aurkezteko erabakia hartu zuen, pandemia hasi zenetik irailera arte ezin izan baikara entrenatu, kiroldegia itxita zegoelako.

1616412657430

Nortzuk osatzen duzue taldea? Zein da zuetako bakoitzaren rola edo egitekoa?

Gure taldea zazpi kirolarik osatzen dugu: Nahia, Sara, Maddi, Enara, June, Indira eta ni neu. Hiru entrenatzaile ditugu: Tania, Miriam eta Natasha. Guztiok ditugu taldearentzako ekarpen desberdinak, oso anitzak gara gure artean. Hala ere, gutako guzti-guztiak gara nahitaezkoak taldean eta norbait falta denean asko sumatzen dugu haren falta. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta badakigu nolakoak garen, beti saiatzen gara elkarren artean laguntzen eta animatzen, are gehiago norbait lesionatuta badago edo egun txarrarekin badator entrenatzera.

COVID-19a dela eta, zein prebentzio neurri hartzen dituzue entrenamenduetan?

Pandemiaz geroztik, kiroldegiko alde bateko atetik sartzen garen bakoitzean tenperatura hartzen digute eta oinetakoak desinfektatu eta aldatu behar ditugu. Ezin ditugu aldagelak erabili, hortaz, gure motxila eta gauzak pistan bertan zintzilikatzen ditugu. Entrenamendu osoa egiten dugu musukoarekin, eta hiruzpalau ordu ematen ditugu entrenamendu bakoitzeko. Horrez gain, ordu horietan zehar aparatuak eta eskuak etenik gabe desinfektatzen ditugu.

1616412657452

Eta txapelketetan?

Espainako Txapelketan parte hartzeko hainbat agiri behar izan ditugu. Txapelketako kiroldegira sartzeko ere tenperatura hartu, zapatak desinfektatu eta aldatu behar izan genituen. Ordu zehatzetan sartzen gara barrura, beste hiru-lau talderekin batera, eta beti gara berberak, burbuilak egin dituzte gure artean beste talde batzuekin ez nahasteko eta arriskuak murrizteko. Talde bakoitzak txapelketa amaitu bezain laster alde egin behar du kiroldegitik, minutu gutxiko tartearekin, ingurua desinfektatzeko eta beste talde batzuk sar daitezen.

Duela urtebete hasi zen pandemia. Lehen txapelketa da geroztik? Zer sentitzen da berriro ere leihatzen hastean?

Pandemiaz geroztik izan dugun lehen txapelketa presentziala izan da; gainera, garrantzitsuena. Hala ere, lehenago ere egin ditugu zenbait torneo online, esperientzia pixka bat hartzeko helburuarekin. Egun txapelketa presentzialak egitea oso zaila eta arriskutsua da, jende asko bildu behar garelako. Baina, aurrez aurreko lehiaketa hau egitea oso ondo etorri zaigu, geure maila ona zela egiaztatzeko eta lehiatzen dugun bitartean sentitzen dugun adrenalina hori berriz ere izateko. Txapelketak asko disfrutatzen ditugu, batez ere ondo ateratzen direnean, azkenekoan bezala.

Etorkizunera begira, zein da zure hurrengo erronka pertsonala? Eta taldearentzat?

Orain 2021eko denboraldia prestatzen hasiko gara. Taldeari dagokionez, 10 mazako konjunto berria prestatuko dugu eta, aldi berean, bakarkako lana egiten jarraituko dut. Taldeka izango dugun hurrengo erronka hemendik hilabete batera izango da, Espainako Koparako sailkatzeko lehen txapelketa izango baitugu. Gure xedea sailkapen hori lortzea da eta Espainiako Kopan parte hartzea, gure lana ahalik eta hobekien erakusteko. Era berean, hilabete batzuk barru, bakarkako Espainako txapelketa izango dugu eta nire erronka pertsonala harako sailkatzea izango da, baina taldekakoan garrantzi handiagoa jartzen dugu. Gogo eta ilusio handiarekin hasiko dugu aurtengo denboraldia; lan asko egingo dugu eta pandemiaren egoera hobetuko delaren itxaropena dugu.

1616412657481

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »