Aste Santu ostera arte erkidegoak itxita egotea nahi du Espaniako Gobernuak

Aste Santu ostera arte erkidegoak itxita egotea nahi du Espaniako Gobernuak
2021/03/03 eta kitto!
Gaur egingo den Espaniako Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan erkidego guztien arteko adostasuna lortu nahi dute.

Espainiako Osasun Ministerioak Aste Santu ostera arte luzatu nahi ditu hainbat murrizketa neurri, tartean erkidegoen itxiera perimetralari eutsi martxoan eta apirilean, eta bestelako mugikortasun muga batzuk mantendu metatutako intzidentzia 50 kasutik jaitsi arte.

Aste Santuan neurriak arintzeak ekar lezakeen laugarren olatua galarazteko dokumentu batean lanean ari dira duela egun batzuetatik Espainiako Gobernua eta erkidegoak.

“Helburua Aste Santuan erkidegoek itxiera perimetralarekin bat egitea da” Carolina Darias buru duen Osasun Ministerioak aurreratu duenez.

"Epidemiologoa naiz, epidemia kontrolatzea da nire helburua, eta noski, nire ikuspegia enpresariek, adibidez, izan dezaketenaren desberdina da. Irekitzeko baldintzak betetzen ez badira, planteatu ere ez litzateke egin behar", azpimarratu zuen Fernando Simon Osasun Alerta eta Emergentziak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak.