Azaroan hasiko dira Ermuko mendebaldeko saihesbidearen I. faseko obrak
Aurreikusitakoa baino bi hilabete lehenago abiatuko dituzte Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lehen faseko obrak. Urtia inguruko lanak azaroaren hasieran hasiko dira, eta 36 hilabeteko epea izango dute. Interbiakeko administrazio-kontseiluak bihar onartuko du obrak Intxausti eta Bycamek osatutako ABEEari esleitzea.
21.142.041,59 euroko aurrekontua izango du jarduketak. Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lehen zatia izango da, eta trafikoaren zati bat hirigunetik kanpora bideratzea du helburu, zirkulazioa eta bide-segurtasuna hobetzeko. II. faseak osatuko du BI-3302 eta BI-2301 errepideen arteko lotura, Mallumendi mendian zehar.
I. fasea N-634 zaharrean hasiko da eta BI-3302 errepideko Urtiako biribilgune berrian amaituko da. Izarrako biribilgunea ere eraikiko dute, izen bereko udal-eraikinaren inguruan, eta bertan prestatuko dute etorkizuneko II. fasearekiko lotura.
Ibilbide berriak hiru biribilgune nagusi izango ditu: Izarrakoa, Urtiakoa eta Zearrekoa. Hirigunera sartzeko bide berezia ere egingo dute, lehendik dauden espaloiekin lotuko den oinezkoentzako ibilbide batekin. Saihesbideak galtzada bakarra izango du, noranzko bakoitzerako errei batekin eta metro bateko bazterbideekin. Abiadura-muga 60 kilometro ordukoa izango da saihesbidean, 30ekoa biribilguneetan eta 20koa hirigunerako sarbidean.
Hiru egitura nagusi
Lehen fasean hiru egitura nagusi eraikiko dituzte. Handiena Urtiako biaduktua izango da: 100 metroko luzera izango du eta altzairuzko eta hormigoizko egitura mistoa izango da, Urtiako errekastoaren harana zeharkatzeko.
Urtia edo Zubitegi errekaren gaineko zubi berria ere egingo dute, gaur egungoa ordezkatzeko. Horrez gain, Izarrako ibarbidearen gainean 36 metroko zubia eraikiko dute, trazaduraren jarraitutasuna bermatzeko eta etorkizuneko II. fasearekiko lotura prestatzeko.
Proiektuak, gainera, Zubitegi errekan euste-hormak egitea eta ingurumena hobetzeko hainbat jarduketa egitea aurreikusten du. Bioingeniaritzako teknikak erabiliko dituzte ibaiertzeko ekosistemak babesteko eta errekaren ahalmen hidraulikoa handitzeko.
Ingurumen-neurriak
Obren ingurumen-inpaktua murrizteko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ere jasotzen ditu proiektuak. Flora, fauna eta uren kalitatea babesteko jarduketak egingo dituzte, bereziki Zubitegi errekaren inguruan. Eremu hori bisoi europarraren babes-eremua denez, ez da lanik egingo martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean.
Paisaia lehengoratzeko proiektu bat ere garatuko dute, espezie autoktonoak landatuz, hala nola harizti atlantikoa eta haltzadi kantauriarra, eta ezpondak zein ibaiertzak landarez berreskuratuz.
II. fasea, atzerapenarekin
Mendebaldeko saihesbidea bi fasetan egingo dute. I. fasea amaitutakoan, Mallumendiko II. faseari ekitea aurreikusten du Aldundiak. Bigarren horrek N-634/BI-3344 eta BI-2301 errepideen arteko lotura osatuko du, eta, horrela, Goitondoko industrialdera joateko Ermuko hirigunea zeharkatzen duen trafikoa saihestu ahal izango da.
II. fasearen inguruan, ordea, Ermuko EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuari. Koalizioaren arabera, Interbiakekin sinatutako kontratuaren aldaketak 261.208,75 euroko kostu-igoera eta 24 hilabeteko luzapena ekarri ditu, eta, ondorioz, II. faseko lanen amaiera 2029ko ekainera arte atzeratuko litzateke.