Asteburuan 150 kirolari bilduko dituen Eibar Hiriko Espainiako V. Jiu Jitsu Kopa aurkeztu dute

Asteburuan 150 kirolari bilduko dituen Eibar Hiriko Espainiako V. Jiu Jitsu Kopa aurkeztu dute
2019/10/28 eta kitto!
Kalamua Judo Klubak antolatuta Eibar Hiriko Espainiako V. Jiu Jitsu Kopa jokatuko da asteburuan, azaroaren 2an eta 3an Ipurua kiroldegian eta horren aurkezpena egin dute gaur goizean Kalamua Klubeko Manu Agirrek eta Hegoi Estebanek, Alberto Albistegi Kirol zinegotziarekin batera. Ne-Waza (judoa lurrean) eta borroka modalitateetan jokatuko dute parte-hartzaileek, eta gizonezkoak zein emakumezkoak arituko dira lehian, “honetan ezberdintasunik ez dugu egiten eta”.

Txapelketak Estatu osoko 150 bat kirolari bilduko ditu (200 bat lagun guztira, arbitro, epaile, klubetako ordezkari eta bestelakoak gehituz gero). Zapatu goizean, 09:00etatik 14:00etara, borroka modalitatean lehiatuko dira eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, Ne-Waza modalitatean. Eta domeka goizean, 10:00etatik aurrera bikoteka (Duo Klasikoa eta Duo Show) neurtuko dituzte indarrak. Alberto Albistegi zinegotziaren berbetan, "Eibarko Udalak ekimen honen aldeko apustu garbia egin zuen hasieratik, eta kirol minoritarioen babesa ezinbestekoa da ikuspen handiagoa lortzeko eta bere benetako garrantzia erakusteko". Orain dela gutxi Kalamua Klubak bere egoitza tokiz aldatu du eta, Agirrek esandakoaren arabera, “hori ezinezkoa litzateke Udalaren laguntza barik”. Horrez gain, kirol ekimenak Udal Kirol Patronatuaren babesa ere badauka, baita El Corte Ingles, ABC, Somos Asesores, Cadena SER, BOSCH Service, SD Eibar Fundazioa eta Alzola Basque Water kolaboratzaileena ere. Guztiei euren esker ona azaldu diete.