Barixakuan aurkeztuko dute “Hau bai abentura! Lur eta Amets” filma Armeria Eskolan

Barixakuan aurkeztuko dute “Hau bai abentura! Lur eta Amets” filma Armeria Eskolan
ETA KITTO 2020, Urt 13

Otsailaren 7an Euskal Herriko zinemetan estreinatuko duten Hau bai abentura! Lur eta Amets filma aurkeztuko dute barixakuan Eibarren, 18:00etan Armeria Eskolan, asmo horrekin martxan dagoen ikuskizun-biraren barruan. Sortzaileen berbetan, “gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz” sortu zuten Lur eta Amets proiektua Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak; 2015 urtean sortu zuten Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ezagutza liburua eta ondoren etorri ziren haurrei zuzenduriko bederatzi ipuin eta galdera-erantzun mahai jokoa. Orain, ilustraziotik, gure kale, antzokietara eta pantaila handira salto egingo dute Lur eta Ametsek, urtarrilean zehar aurkeztuko den ikuskizunarekin eta otsailean estrainatuko den filmarekin, zeina egiteko Lotura Films batu den proiektura.

Lur eta Amets, ikuskizun bira

2020 urteari abenturaz-abentura emango diogu hasiera Lur eta Amets anai-arreben eskutik. Izan ere, urtarrilean, historiako pasadizo berezienetatik etorritako autobusean biraka ibiliko dira protagonistak, hilabetez Euskal Herrian zehar, otsailean estreinatuko den pelikula aurkezteko eta ikuskizun abenturazalea eskaintzeko. Bira hau Durangoko Azokan estreinatu zen, filmarekin batera, eta otsailaren 7an zinemetara iritsi aurretik, 11 geldialdi izango ditu, tartean barixakuan Eibarren egingo dutena.

Filma, otsailaren 7tik aurrera zinemetan

Lur eta Ametsen ikuskizunak ikusi ondoren, estreinaldi handia egingo da Euskal Herriko zinemetan, otsailaren 7an. Haurrei eta familia osoari zuzenduriko animaziozko filma da, garai eta toki ezberdinetara bidaiatzera gonbidatuko gaituena.

Pelikula 2017an ekoizten hasi zen LA Ekoizpenak AIE-ren eskutik (Ikastolen Elkartea, Katxiporreta, Elkar eta Lotura Films) eta Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi dira zuzendariak. Honela dio sinopsiak: Lur eta Ametsen gurasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »