Barixakuko gazta dastaketarekin hasiko da Debabarreneko IV. Gaztaren Astea

Barixakuko gazta dastaketarekin hasiko da Debabarreneko IV. Gaztaren Astea
ETA KITTO 2019, Urr 22

Eibarko Udalak eta Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Artzai Gazta Elkartearen laguntzarekin antolatutako Debabarreneko IV. Gaztaren Astea barixakuan abiatuko da, 19:00etatik 20:30era Untzagako jubilatuen egoitzan egingo den Debabarreneko gazten katarekin. Ekitaldia eskualdeko gaztagileen aurkezpenarekin hasiko da. Jarraian, gaztagileek kata nola egin azalduko dute eta, ondoren, galderak egiteko tartea zabalduko da. Dastatuko diren gaztak hauek izango dira: Sosola (Enrike Gisasola, Eibar), Mausitxa (Iñaki Ansola, Elgoibar) eta Goienetxe (Beñat Egaña, Mutriku) ardi-gaztak; Egotza (Nagore Martin, Soraluze) ahuntz-gazta; eta Axeleku (Ruben Markina, Mallabia) behi-gazta. Katari laguntzeko, Sagarmiña txakoliña (Mutriku) eta Sosola baserriko (Eibar) ogi ekologikoa banatuko dituzte. Saioa euskeraz egingo dute eta parte-hartzea doan izango da.

Eta domeka goizean, berriz, 10:00etatik 14:00etara Gazta Azoka egingo da, Untzagan, eskualdeko gaztagileen parte-hartzearekin. Horrekin batera, erakustaldiak eta tailerrak egingo dira: Gazta egiteko prozesua, Mausitxa eta Egotzaren eskutik (11:30ean eta 12:45ean); Latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua; Artile mozketa, Ipar Arrinda  ardi moztaileen eskutik (11:00etatik 14:00etara); Artile lan erakusketa, Miren Torrealday eibartarraren eskutik (10:00etatik aurrera); eta puntu eta kakorratz topaketa. Eta, egitaraua biribiltzeko, tren-lapikoan prestatutako ardi-haragi gisatua probatzera emango dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »