Barixakura arte egongo da martxan neguko merkealdien azoka berezia

Barixakura arte egongo da martxan neguko merkealdien azoka berezia
2019/02/20 19:46 eta kitto!
Gaur goizean inauguratu dute Eibar Merkataritza Gune Irekiak, Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen neguko merkealdien azoka Toribio Etxebarria kalean. Bihar eta etzi egun osoan zabalduko dute, goizeko 10:00etatik 20:00etara. Oraingoan 25 establezimendu animatu dira parte hartzera: 17 dendarik kalera atera dituzte eskaintza bereziak eta gainontzekoek, berriz, dendan bertan eskainiko dituzte prezio bereziak. Toribio Etxebarriako azokan Burbujas y Mas, Cedry, Designed by Nona, Eskulan, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Ikusimakusi, Khloe Baby Clothes, Kopiña, Look, Noma, Ttiki, Twins, Txukuna, Xare eta Desvan egongo dira eta eskaintzak dendan egingo dituztenak, berriz, Askasibar Intersport, Atelier 11 Concept Store, Federopticos Igmar, Los Chicos, No Comment, Oskarbi, Tribeka eta Vieco dira.

Barixaku arratsaldean, bestalde, kale-animazioa egongo da: 18:00etatik 20:00etara bitartean Afro Sound System taldekoak eta buruhandiak azoka inguruak girotzen ibiliko dira.

primeran0

Euskeraz Primeran!

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak “Euskeraz Primeran!” kanpainarekin hartuko du parte azokan, “merkataritza eta ostalaritzan euskeraren erabilera bultzatzeko asmoz”. Bihar goiz eta arratsaldez egongo dira azokan ipiniko duten mahaian eta barixakuan, berriz, goizez bakarrik. Esandakoaren arabera, “gerturatzen den jendeari Euskaraldian erabili ziren hiru roletako batekin (ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo) identifikatzeko eskatuko zaio eta, trukean, erosketak egitera doazenerako oparia emango diegu”. Gainera, parte hartzen duten guztien artean Eibar Merkataritza Gune Irekiak emango duen 100 euroko erosketa-txartela zozketatuko dute amaieran, barixaku eguerdian.

neguko factoring05