Barixakutik aurrera ospatuko dituzte jaiak Legarren

Barixakutik aurrera ospatuko dituzte jaiak Legarren
2019/09/18 eta kitto!
Legarreko Jai Batzordeak dena prest dauka asteburuan auzoko jaiak ospatzeko. Barixakuan ekingo diote egitarauari, 19:00etan Tartetik hasiko den kalejirarekin. Ordu erdi geroago, 19:30ean, familia eta umeendako pentsatuta dagoen “Legarre Raid” jolasa hasiko da. Arrakasta haundia izaten duen patata tortilla txapelketa 20:00etan izango da eta 21:00etan, berriz, umeendako makarronada antolatu dute. Afaria zein afalostea girotzeko, bestalde, Kaxa elkartearen eskutik gazteendako mugimendu eta sormena egongo da eta, jaietako lehen eguna agurtzeko, 23:00etatik aurrera kontzertua emango dute “Black Sapatu” (Black Sabbath) taldekoek.

Eta hurrengo egunerako (zapaturako) antolatu dituzten jarduerak eguerdian hasiko dira: kalejira, txosnan hasita (12:00); pintxo-potea Tarten (12:30); Legarreko IV. Kronoeskilararen hasiera (13:00); pintxo-potea txosnan (13:30); graffiti erakustaldia (13:30); krono eskilararen sari banaketa (14:25); bazkaria (14:30); umeendako ikuskizuna Antxo eta Pantxarekin (16:00); musika saioa, DJ Arnorekin (17:00); txokolatada (18:00); erromeria, MP5 taldearekin (20:00); eta, amaitzeko, Puro Chile eta A Tuti Plain taldeen kontzertua, 22:30etik aurrera.