Betaurrekoak ez lurruntzeko musukoa merkaturatu du Arabako enpresa batek

Betaurrekoak ez lurruntzeko musukoa merkaturatu du Arabako enpresa batek
2021/01/27 eta kitto!
Maskarak "hegal itxi" batzuk ditu goialdean, eta modu horretan, sudurretik eta ahotik airea ateratzea eragozten dute.

BSafe Arabako konpainiak betaurrekoak dituzten pertsonei zuzendutako maskara berritzailea merkaturatu du. Erabilera bakarrekoa den musuko horrek ez ditu, gainerakoek bezala, betaurrekoak lurruntzen.

Europar Batasunak ezarritako segurtasun eta eraginkortasun arau guztiak betetzen ditu, eta aurretik BSafek merkaturatutako Dynamic modeloaren ondorengoa da. Iaz, urte bukaeran, iritsi zen merkatura Dynamic, eta zeresana piztu zuen musuko horrek lepoan zintzilik eramateko aukera ematen zuelako.

Betaurrekoak dituzten herritar askorentzat "arazo" bihurtu da maskara jantzita eramatea. Horregatik, aipatutako enpresa arabarra abendutik ibili da arazo horri irtenbidea bilatzen.

Jundizen duten lantegian ekoizten dituzte maskara horiek, eta egunean 140.000 bat ale egiten dituzte.