Bi eguneko greba digitala deitu dute kultur sortzaileek

Bi eguneko greba digitala deitu dute kultur sortzaileek
2020/04/17 eta kitto!
Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurrien eraginez, Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dagoela ikusi dute hainbat sortzailek eta, hori dela eta, apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egiteko deia zabaldu dute 550 kulturgilek baino gehiagok. Bi egun osoz ez dute Interneten kultur edukirik partekatuko, eta sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko deia egin diete erakunde publikoei. www.kulturgintzan.eus orrialdean zabaldu dute egoerari buruz egiten duten irakurketa, eta bertan topa daiteke deialdiarekin bat egiteko bidea ere. Euren berbetan, “desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko”.
Sinatzaileen artean izen ezagun asko daude: Maialen Lujanbio, Iraia Elias, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez, Gorka Urbizu, Fermin Muguruza… Diziplina guztietako profesionalek egin dute bat greba deialdiarekin: bertsolariak, musikariak, idazleak, aktoreak, arte hezitzaileak, artistak, aktore elkarteak, dantza taldeak, kultur kudeatzaileak, dantzariak eta kultur aretoak. Greba deitzaileek esan dutenez, itxialdiak bertan behera laga ditu ehunka kultur ekitaldi, eta horrek eragin dien kaltea handia dela azpimarratu dute: “Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du”. Hori dela eta, kalte hori leuntzeko neurriak eskatu dizkiete erakundeei.