Bihar inauguratuko dute Berdintasunaren Pasealekua Amañan

Bihar inauguratuko dute Berdintasunaren Pasealekua Amañan
ETA KITTO 2016, Mar 07

Amañako pasealekuari modu ofizialean “Berdintasunaren Pasealekua” izena emango diote bihar, Martxoak 8 Emakumearen Egunaren harira. Goizeko 11:30ean kalearen izena erakutsiko duen plakari estalkia kenduko diote, pasealekua inauguratuta. Izen hori emanda “udalak emakume eta gizonen arteko berdintasunerantz jarraitu beharreko bidea” irudikatu nahi du, bihar irakurriko duten komunikatuan azalduko duten moduan. Pasealekua inauguratzeaz gain, orain arte anbulatorio pareko parkean egon den ‘Bizitzak bilbatuz’ eskultura bere behin-betiko kokapenean erakutsi eta azalduko dute. Aurreskua dantzatuta itxiko dute inaugurazio ekitaldia. Jarraian Berdintasunaren Pasealekutik (Eibar-Ermua unibertsitate paretik) Martxa Lila abiatuko da. Parte hartzera animatzen direnei kolore horretako zerbait eramatea eskatu dute antolatzaileek. Horrekin batera, Andretxean izena eman dutenek bazkaria egingo dute 14:30ean Ipur sagardotegian. Eta arratsaldeko 19:00etarako Untzagan elkarretaratzea deitu dute, “Ez gaude jokoz kanpo, martxan gaude” goiburuari jarraituta.
Emakumeen Eguna pasatuta ere, horren inguruko egitarauak hurrengo egunetan ere jarraituko du. Martxoaren 9an, eguaztenean, Juan San Martin liburutegiaren ekimenez Portaleko areto nagusiak Elene Lizarralderen “Rocío en el corazón” liburuaren aurkezpena hartuko du, 19:00etan hasita.
Datorren asteko barixakuan (hilak 11n), berriz, “Erraketistak: gure aitzindariak gogoan” erakusketa aurkeztuko dute eta, horrekin batera, Patricia Espinarren eskutik “Emakumeak plazan” doku-erreportaiaren eta “Pilota Girls” laburmetraiaren proiekzioa egingo dira, 18:30ean, Portaleko erakusketa aretoan. Egun berean, 19:00etan, Pagatxak eta Defibelek antolatutako zine forumean “Million dolar baby” pelikula ikusteko aukera izango da Portaleko areto nagusian. Eta hurrengo egunean, goizeko 10:00etan Untzagatik Sosola baserrira talde-ibilaldia egiteko abiatuko dira eta, hara ailegatzean, herri kirolak eta bestelakoak egiteko asmoa daukate. Egitaraua biribiltzeko, martxoaren 18an, Nalua talde feministaren aurkezpena eta “Mantazpitik” poesia-musikatu emanaldia egingo dira Portaleko areto nagusian, 18:30etatik aurrera. Halaber, martxoaren 8tik 20ra bitartean, Juan San Martin Liburutegiak antolatutako “Itsaspeko bihotzak” areto literarioan, haur literaturaren bitartez genero berdintasunaren gaia lantzeko ekimena garatuko dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »