Biharko galak itxiko du Asier Errasti Film Laburren Jaialdiaren 20. edizioa

Biharko galak itxiko du Asier Errasti Film Laburren Jaialdiaren 20. edizioa
2019/11/08 eta kitto!
Astelehenean abiatu ziren Asier Errasti Eibarko XX. Film Laburren Jaialdiko proiekzioak, Coliseo antzokian eta bihar, berriz, Javier Agirresarobe Saria jasoko dute aurtengo irabazleek, 19:30ean hasiko den galan. Hala ere, nahiz eta sariei izena eta babesa gure mugetatik kanpora goi mailan diharduen argazkilari eibartarrak eman, biharko ekitaldian Eibarko Film Laburren Jaialdia sortu zuen Asier Errasti omenduko dute, bere heriotzaren 20. urteurrenean.

Aurreko astean aurkeztu zuten Asier Errasti" film labur jaialdiaren XX. edizioa Portalean Patxi Lejardi Kultura eta Euskara zinegotziak eta jaialdia antolatzen duen Plano Corto elkarteko Oscar Lopez de Zubiria, Natalie Hickey eta Koldo Carranzak. Azaldu zutenez, edizio honetan, guztira, 171 film labur jaso dira. Horietako 158 fikziozko atalean lehiatuko dira eta beste 13 lanak, berriz, animaziozkoak dira. Hizkuntzari dagokionez, gaztelerazko lanak dira gehienak: euskeraz 7 film labur aurkeztu dituzte eta beste 14 atzerriko hizkuntzaren batean. Aurten ez da Eibarko lanik jaso eta, beraz, sari hori eman barik geratuko da. Bestalde, antolatzaileen berbetan, “gai sozialak dira aurtengo protagonista nagusiak: genero indarkeria, zahartzaroaren ondorioak, haurren begirada eta bidegabekeria soziala modukoak landu dira gehienbat”.

Jaialdira aurkeztutako lanen proiekzioak astelehenean hasi ziren eta gaur emango dituzte egitarauko azken film laburrak: “Los pasajeros del viento” (Juanjo del Junco), “Snorkel” (Borja Soler), “Tu dia de suerte” (Fele Martinez), “I wish” (Victor L. Pinel), “Beldur Malutak” (Ander Iruretagoiena, Telmo Irureta), “Happy Friday” (Jose Antonio Campos Aguilera), “9 pasos” (Marisa Crespo, Moises Romera), “Caligrafía” (Ferran Masip Valls) eta “Moros en la costa” (Damià Serra Cauchetiez). Egunero bezala, 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango dira, Coliseo antzokian (sarrera doan da).

Sari-banaketa ekitaldia, berriz, bihar izango da, 19:30ean Coliseoan hasiko den gala berezian eta bertan Asier Errastiri omenaldia egingo diote eta, gainera, berari buruz egin duten dokumentala emango dute. Ekitaldia Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko du, Nerea Ariznabarreta eta Mikel Areitio aktoreen laguntzarekin. Asier Errastiri buruzko ikus-entzunezkoa egin duen Natalie Hickeyk azaldutakoaren arabera, “aurten Asier Errasti hil zela 20 urte bete dira eta, horregatik, bere omenez zerbait berezia egin nahi genuen. Azken batean berak sortu zuen gaur egun bere izena daraman jaialdia, lehen edizioa antolatu eta, zoritxarrez, handik egun gutxira hil zen bera”.

Lanaren egileak ez zuen Asier zuzenean ezagutu, baina berari eskeinita prestatu duten 22 minutuko dokumentalak berari gerturatzeko aukera eman dio, zalantza barik. Ikus-entzunezkoa sortzeko Errasti ezagutu zuten hainbat lagun elkarrizketatu dituzte eta, egilearen berbetan, “dokumentalean eman dudan pauso bakoitza Asierrek lagunduta izan da. Horiek dira elkarrizketatu guztiak hari buruz egin dizkidaten aipamenak. Asierren munduari buruzko zatitxoak dira: oso haur isila zen, baina, aldi berean, argia; jakin-min handiko gaztea; mundua jateko gogoz zebilen gizona…”.

Omenaldia, biharko galan

Oso gazte hil zen Asier Errasti eta, horregatik, bere lehen laburmetraia, “1999” izenburukoa, azkena ere izan zen. Hori filmatzeko lanean zegoela ezagutu zuen Plano Corto elkartea sortzera eta jaialdia martxan ipintzera animatu zuen Jose Miguel Calle: “Kalean plano batzuk grabatu nahi zituen eta Udaltzaingora jo zuen horretarako baimen-eske. Kasualitatez, horrenbeste urtetan Eibarko Udaltzainburua izan zenak zinemarekiko zaletasun handia dauka eta, horrela, hari horri tiraka sortu zen bien arteko harremana”.

Gaur egun jaialdia antolatzeko lanean aritzen direnek biharko gala Asier Errastirentzat omenaldi bilakatu nahi dute eta, horregatik, Natalie Hickeyk zuzendutako “Txas” dokumentala eta Asier Errastiren “1999” izeneko film laburra proiektatuko dituzte.

Oraingoan, beraz, ez da saritutako laburmetrairik erakutsiko. Bestalde, aurten, berritasun gisa, umeendako proiekzio berezia antolatu dute: azaroaren 16an (zapatua), 11:00etan Portaleko areto nagusian "A zer nolako heroiak" izenburukoa emango dute (euskeraz). Kasu honetan ere sarrera librea izango da eta, gainera, filmarekin zerikusia duen material didaktikoa banatuko dute.