[BIZI DEBABARRENA] Beroari aurre egiteko aukera onak dira Eibarko igerilekua eta eskualdeko hondartzak

[BIZI DEBABARRENA] Beroari aurre egiteko aukera onak dira Eibarko igerilekua eta eskualdeko hondartzak
2022/07/27 07:01
eta kitto!
Azken asteetako beroak argi laga digu zein garrantzitsua den freskatzeko aukerak izatea. Itzalean ere izerditan gauden momentu horretan, Eibarko igerilekua eta Deba eta Mutrikuko hondartzak aproposak dira horretarako.

 

Pandemiari aurre egiteko neurriak atzean laga arren, dena ez da lehen bezalakoa Eibarko igerilekuetan, taberna itxita dagoelako. Hori bai, sarreran vending makina bat dago, zerbait erosteko aukera ematen duena.

Igerilekuen alboko eremuan itzala ematen duten hiru elementu arkitektoniko daude; baina, norberak eguzkitakoa eraman nahi baldin badu, lurrean iltzatzeko tramankulu batzuk ematen dituzte sarreran.

Ordutegiari dagokionez, igerilekuak 10:30etik 20:30era egongo dira uztailaren 31ra arte, eta abuztuaren 1etik aurrera 10:30etik 20:00etara egongo dira zabalik.

 

Debako hondartzak

Ez dugu sekreturik kontatuko udan Debako hondartza eibartarrez betetzen dela esaten badugu. Bi hondartza daude, Santiago eta Lapari, eta marea baxu dagoenean batetik bestera joan daiteke errez. Nahi izanez gero, paseatzeko eta panoramika ederraz gozatzeko aukera ematen duen pasealekua dago; eta uretan ondo pasatu nahi badu-zu, olatuek surfean egiteko aukera ematen dute.

Eibartik Debara joateko, bi tren egoten dira orduro 11:11tik aurrera (11:11an eta 11:51an, adibidez), eta itzultzeko berdin (12:43an eta 13:01ean, adibidez). Autobusean joan nahi izanez gero, orduro pasatzen den Lurraldebusen DB04 linea hartu behar da (10:53 inguruan adibidez) eta ordu erdi inguru irauten du.

Autoan joan nahi izanez gero, tokia aurkitzeko zortea izan eta T.A.O. ordaintzeko prestatu.

 

Mutrikuko hondartzak

Mutrikun zenbait hondartza aurkitu ditzakegu, eta baita igerileku naturalak ere. Debatik oso hurbil dugu, adibidez, Ondarbeltz. Gainera, Deba eta Mutriku arteko zubia konpondu dutenez, orain errazagoa da bertara joatea.

Herrian Mutrikuko hondartza aurkitu dezakegu, kaien ondoan eta hondar finarekin, eta bi igerileku naturalekin. Hirugarren hondartza Burumendi izeneko gunearen ondoan dago eta Flysch Beltzak osatzen duen Zazpi Hondartzetako gunera sartzeko bideetariko bat da. Hondartza txiki hau lasaitasuna gustuko duen jendearentzako oso egokia da. Saturraran da Mutrikuk eskaintzen duen beste aukera ezagun bat.

Gipuzkoako kostaldeko basatienetarikoa da eta haitzaren atzean hondartza txikiak egiten dira, batez ere itsasbeherarekin. Gune hauek egokiak dira nudismoa egin nahi dutenentzat.

Mutrikura joateko DB04 autobusa hartu behar da, Debara joateko bezala. Autoan joan nahi izanez gero, hirigunean, Jasokundeko Ama Elizaren atzean, lur-azpiko parkinga dago, herrian T.A.O. zerbitzua dago eta baita Saturraranen ere.