Boliviako estatu kolpearen aurrean erakunde adierazpen proposamena aurkeztu du Bilduk

Boliviako estatu kolpearen aurrean erakunde adierazpen proposamena aurkeztu du Bilduk
2019/11/14 eta kitto!
Eibarko EH Bildu udal taldeak, Boliviako estatu kolpearen aurrean, honako erakunde adierazpen proposamena aurkeztu du gaur bertan Udalean:

Adierazpen proposamena: Boliviako Estatu Kolpearen aurrean


Zioa

Azaroaren 10ean Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek bere dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa eman baino lehen Morales presidentearen, bere gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsien senideen kontrako erasoak eman ziren.

Estatu Kolpe honen ondorioz, egoera benetan larria da eta konfrontazio zibilerako arriskua handia dela azpimarratu nahi dugu, izan ere estatu kolpea bultzatu duten indarrek errepresioarekin erantzuten ari zaizkio Moralesen alde antolatutako herritarrei. Aurreko hilabetean izandako hauteskundetan Evo Moralesek bozen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela azpimarratzekoa da ere.

Egoera honen aurrean, honako Erakunde adierazpen proposamena aurkezten du EH Bildu udal taldeak:

- Erakunde adierazpenaren Proposamena

- Eibarko Udalak gogor salatzen du Bolivian ematen ari den Estatu Kolpea.

- Eibarko Udalak dei egiten die Moralesen kontra altxatu direnei, eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eta gatazka, negoziazio eta akordioaren bidez konpontzeko. Baita Estatu Kolpea bultzatu duten kanpo eragileei ere, injerentzia gelditzeko eta Boliviako soberania errespetatzeko dei egiten die.

- Eibarko Udalak bere babesa adierazi nahi dio Evo Morales presidenteari eta El Alton zein Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei.

- Eibarko Udalak herritarrei dei egiten die Estatu Kolpe honi aurre egiteko antolatzen diren mobilizazioetan parte har dezaten.

EH Bildu udal taldea