Brasildik Eibarrera, josi eta josi

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Brasildik Eibarrera, josi eta josi
ETA KITTO 2019, Ots 22

Vania Fariak Brasilen eman zituen lehen puntadak eta Eibarren emango ditu azkenak, berak nahi duen moduan laster jubilatzen bada. Urte asko daramatza bere jaioterritik kanpo bizitzen eta saudadea (sentimenduen nahasketa, galera, falta, distantzia eta maitasuna azaltzeko portugesezko berba) dauka. Pozik bizi da Eibarren, baina hanka bat Brasilen eta bestea Eibarren eduki nahi ditu. Jostorratza laga eta urte osoan udako jantzia ipintzea gustatuko litzaioke.

 

Etxeko bizitza

Rio de Janeiro eta Sao Paulo artean dagoen Itajuba hirian jaio zen Vania Faria, Minas Gerais estatuan. 90.000 biztanle inguru ditu, Brasil hegoaldeko 4. hiri handiena da eta mendiz inguratuta dago, “Eibar bezala”. Hiriaren erdialdean bizi izan zen zazpi anai-arrebekin, baina kontatu digunez bere bizimoduak ez zuen hemengoarekin antza askorik. “Hemen jendeak kalean egin ohi du bizimodua. Gu, ordea, kontrolatuago bizi ginen. Eskolatik irtetean ordu bat jartzen ziguten etxera itzultzeko, dutxatu egiten ginen eta lotara”.

 

Mundua ezagutzeko gogoa

Moda kontuak betidanik gustatu izan zaizkio eta horretara bideratu zituen ikasketak. Sao Paulon egin zituen unibertsitate ikasketak eta, ondoren, beste gradu bat Belo Horizonten. Jantzigintza izan zuen lanbide Brasilen eta ondo zegoen, baina mundua ezagutzeko gogoa zuenez bidaiatzeko erabakia hartu zuen. Portugal, Madril eta Bilbon ibili zen, eta Bizkaiko hiriburu moda-eskola batean egon zen. “Azkenean, Eibarren amaitu nuen”. Eibartar batekin maitemindu eta gurera etorri zen.

 

Eibar Itajubako auzoa

Eibarrera iritsi nintzenean nire hiriko auzo bat bezalakoa zela iruditu zitzaidan”, dio Vaniak barrezka. “Kale bi bakarrik zituela ematen zuen, nahiko txikia zela, baina oso erosoa da eta jendeak oso ondo hartu ninduen”. Gaztelerarekin ez zen oso ondo moldatzen, baina jantzigintza-negozioa edukita tratu handia izan du eibartarrekin eta “oso zintzoak” dira bere ustez. “Esker oneko berbak besterik ez ditut eibartarrentzat”.

 

Urte osoa udan pasatzeko zain

Estaziño kaleko etxebizitza bateko lehenengo solairuan zabaldu zuen jantzigintza-negozioa. “30 metro karratu zituen eta ia urte bi egon nintzen han”. Tokia txiki geratu zitzaion eta Bittor Sarasketa kalean lokala hartu zuen. Hogei urte daramatza lokal horretan eta jubilazioa noiz helduko zain dago. “Jubilatzen naizenean negu aldean Brasilera joatea da nire asmoa, han bero egiten duelako. Uda giroan pasatzea nahiko nuke urte osoa”.

 

Brasil bihotzean

Brasiletik itzuli berri da Vania. Hiru hilabete egin ditu han, “hemengo neguari zati bat jan diot”, eta animoak kargatuta bueltatu da Eibarrera. Feijoada, saiheskia labean eta bestelako jaki brasildarrak egiteko ohitura mantentzen du Eibarren, baina bihotza Brasilen dauka. “Nire semea eta iloba han bizi dira, anai-arrebak ere eta gauza askoren hutsunea sentitzen dut”. Neba bat eta iloba bisitan etorri zaizkio inoiz, eta ahizpa bat da laster etortzekoa. Bestela, bera joaten da Brasilera. “Mendia ez badoa Mahomagana, Mahoma doa mendira”.

 

 

Costume de casa vai à praça

Etxeko ohiturak plazara doaz

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »