Burua entrenatzeko "Burulogy" ekimenaren ikasturte berria aurkeztu dute

Burua entrenatzeko "Burulogy" ekimenaren ikasturte berria aurkeztu dute
2019/10/09 eta kitto!
Gaur aurkeztu dute Burulogy, teknologia berriei egokitutako entrenamendu kognitiborako programaren ikasturte berria udaletxean Miguel de los Toyos alkateak eta ekimenaren, La Caixaren eta Untzaga eta Beheko Tokia jubilatu etxeetako ordezkariek. Burology ekimenak laugarrenez ekin dio kurtsoari eta, esandakoaren arabera, geroz eta jende gehiago animatzen da parte hartzera. Ikastaroetan funtzio kognitiboak lantzen dira, asmo horrekin diseinatutako ariketa batzuk tablet batean egiten. Horrez gain, hilean behin taldekako ariketa bat antolatzen dute, parte-hartzaileen arteko hartuemanak indartzeko. Azaldu dutenez, hainbat talde daude eta ikastaroa egiten dutenen adin-tarte oso zabala da, “parte-hartzaileak 60 eta 90 urte bitartekoak dira, baina horrek berdin dio, bakoitzak bere premietara egokitutako ariketak egiten dituelako”.

Ikasturte berria urrian hasi eta datorren urteko ekainean amaituko da. Untzagako jubilatu etxean eta Beheko Tokian hainbat talde daude martxan. Untzagan, taldeetako batek astelehen eta eguaztenetan, 16:00etatik 17:00etara egiten du ikastaroa eta beste batek, berriz, martitzen eta eguenetan, 16:30etik 17:30era. Eta Beheko Tokian talde bakarra dago, eguenetan, 10:00etatik 11:00etara. Hala ere, edozeinek interesa izanez gero, jubilatu etxean galdetu dezake zuzenean edo, nahiago izanez gero, 943177245 / 679052651 telefono zenbakietara deitu daiteke edota www.burulogy.com webgunera jo.