Datorren eguenean egingo den Ikasenpresa Azoka aurkeztu dute

Datorren eguenean egingo den Ikasenpresa Azoka aurkeztu dute
ETA KITTO 2019, Ots 07

Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean otsailaren 14an Eibarren egingo den VIII. Ikasenpresa Azoka. Ekitaldian Alberto Albistegi Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziak, Iñaki Mujika Tknikako zuzendari exekutiboak, Pili Diez Tknikako Ekintzailetza eta Berrikuntza Dinamizatzaileak eta Debabarreneko Lanbide Heziketa zentruetatik etorritako hainbat ikasle eta irakaslek hartu dute parte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasleek sortutako zerbitzu eta produktuak ezagutzera emateko asmoz egiten den Ikasenpresa Azokaren 8. edizioa datorren astean, eguenean egingo da, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Untzagan eta Txaltxa Zelaian asmo horrekin ipiniko dituzten karpetan. Tknikak antolatzen du Ikasenpresa Azoka, Eibarko Udalaren eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuaren laguntzarekin.

Lanbide Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea bultzatzeko asmoarekin garatzen den heziketa proiektua da Ikasenpresa, eta horren harira antolatzen dute urtero azoka. EAE osotik etorriko diren 2.000 ikasle inguruk hartuko dute parte Ikasenpresa Azokan, 380 bat ikasenpresarekin. Azken urteotako bideari jarraituz, ikasleek aurkeztuko dituztenen artean aniztasuna izango da nagusi: “Lanbide Heziketaren barruan 23 familia-profesional daude eta, beraz, azokan denetarik ikusi ahal izango da: osasun arloari lotutakoak, kimikaren ingurukoak, arotzeria, merkataritza, ileapaindegi eta estetika arlokoak…”.

watch Iñaki Mujikak azaldu duenez, “euskaldunak, beste batzuk moduan, aurretik ere ekintzaileak izan gara, sarritan derrigortuta, eta ekintzailetasuna da, hain zuzen ere, ikasleek lantzen dutena. Lanbide Heziketa ziklo guztietan ekintzailetasunaren inguruko modulo bat dago eta Ikasenpresak modulo hori beste modu batean lantzeko aukera ematen du”.

Aurkezpenean esan dutenez, orotara 81 ikastetxetan garatzen ari dira Ikasenpresa eredua. Oinarrian dagoen metodologia guztiz praktikoa da: Lanbide Heziketako ikasleek enpresa txikiak sortzen dituzte Ikasenpresan eta enpresa horiek sortzeko beharrezkoak diren ekintzak garatzen dira. Besteak beste, irudi korporatiboa sortzen dute eta administrazio, marketing eta salerosketa arloak lantzen dituzte. Ikasleen produktuak benetakoak izaten dira, eurek sortu edo banatutakoak, datorren asteko Azokan ondo ikusi ahal izango den bezala. Egitasmoa martxan jartzeko orduan aholku eta laguntzak jasotzen dituzte ikasleek, nondik nora joan eta zein arlo jorratu behar duten argiago edukitzeko. Horren harira, irakasleek egiten duten lana eta izaten duten inplikazioa azpimarratu dituzte.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »