Debabarrenak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko ditu Fiturren

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Debabarrenak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztuko ditu Fiturren
ETA KITTO 2019, Urt 22

Debabarreneko eskualdea Fitur Nazioarteko Turismo Azokan parte hartzen izango da aurten ere. Bihar hasi eta domekara arte garatuko da turismo arloko ekimena eta gure eskualdeko eskaintza turistikoa Euskadiko standean egongo da eskuragarri (9. pabilioian), Euskal Kostaldearen txokoan. Aurten, berrikuntza gisa, Debabarreneko eskualdeak Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen aurkezpena egingo du. XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. 1995az geroztik monumentu multzo izendapena duen Mutrikuko Hirigune Historikoan dago jauregia. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta jauregia bere horretan mantendu da. Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera, Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enrique Areilza Churruca Mutrikuko Kondearekin hitzarmena sinatu ostean, eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Eskaintzen duten bisita honek Mutrikuk itsasoarekin historian zehar izan duen harreman estua ezagutzeko balio du, belaunaldiz belaunaldi jauregian bizi izan diren pertsonaia eta familia ezberdinen bitartez.

Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba Geoparkearen webgunearen bidez egin daiteke, www.geoparkea.eus helbidean. Aurkezpena eguenean egingo da, 17:00etan, Euskadiko standean. Bertan Arrietakua Jauregia promozionatzeko egin berri den ikus-entzunezkoa ikus ahal izango da.

Beste aurkezpenik ere izango da Fiturren: izan ere bihar, 17:00etan, Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria emango du ezagutzera.

Debabarreneko ordezkaritza bihar abiatuko da Madrilera: Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, Debako eta Mutrikuko alkateak, Ion Gambra Mutrikuko zinegotzia, Jose Luis Araujo Ermuko zinegotzia, Jasone Galdona eta Marta Amonarriz, Debako eta Mutrikuko turismo arduradunak, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea, Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusia eta Aitziber Cortazar garapen agentziako turismo arduraduna dira joatekoak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »