Doako hitzaldia eta bihotz-biriketako suspertze tailerra antolatu ditu DYA Gipuzkoak

Doako hitzaldia eta bihotz-biriketako suspertze tailerra antolatu ditu DYA Gipuzkoak
2020/01/13 eta kitto!
DYAko Irakaskuntza Eskolak hainbat jarduera antolatu ditu urtarrilerako Eibarren. Barixaku honetan Lehen Sorospenen inguruko doako hitzaldia emango dute, 19:00etatik 21:00etara eta hainbat gai (itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak…) tratatuko dituzte bertan. Eta urtarrilaren 25ean (zapatua), berriz, Bihotz-Biriketako Suspertze tailerra (familian) emango dute, 16:00etatik 18:00etara. Parte hartzen dutenek, bi orduko saioan, bihotz-geldialdi bat identifikatzen eta horren aurrean nola jokatu behar den ikasiko dute, “modu erraz eta praktiko batean eta, gainera, etxeko txikienekin ondo pasatzeko aukera paregabea izan daiteke”. Izena ematen duen heldu bakoitzeko 6 urtetik gorako hiru ume onartuko dituzte gehienez. Lantegiaren kostua 10 eurokoa izango da helduentzat eta doakoa 17 urtetik beherako guztientzat. Bestalde, prestakuntzaren kalitatea bermatze aldera, lekuak mugatuak izango dira. Bi jarduerak Eibarko DYAren Ordezkaritzan (Pagaegi, 5ean) izango dira. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu edo www.DYAgipuzkoa.com web orrira sartu daiteke.