Dolmenen Ibilbideari lotuta datozen hilabeteotan egingo diren jarduerak aurkeztu dituzte gaur Debegesan

Dolmenen Ibilbideari lotuta datozen hilabeteotan egingo diren jarduerak aurkeztu dituzte gaur Debegesan
2018/09/10 eta kitto!
Dolmenen Ibilbidea (PR-Gi 94) kontserbatzeko, ezagutzera emateko eta ikertzen jarraitzeko helburuari eutsiz, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek datozen hilabeteetan egingo dituzten jarduerak aurkezteko prentsaurrekoa egin da gaur goizean, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren egoitzan. Ekitaldian aipatutako hiru udalerrietako alkateek (Elena Lete, Ane Beitia eta Iker Aldazabal), Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jesus Tapia arkeologoak eta Irma Basterra, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendariak hartu dute parte eta, azaldu dutenez, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek lankidetza hitzarmen berria sinatu dute. Datozen hilabeteetarako aurreikusi dituzten jardueren artean, bestalde, nabarmentzekoa da  Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko laster hasiko diren lanak. Azaldutakoaren arabera, “lurra prestatzeko lanak hasita daude eta datozen asteetan ekingo diete berreraikitze lanei Aranzadi Zientzia Elkarteak, EHUko Arkitektura eta Zaharberritze alorreko teknikariek eta UNED Bergarako kideekin elkarlanean. Irailean hasi eta urrian amaitzea aurreikusi da”.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharria Berreraikitze lanak amaitzean, Kerexetaegia Hegokoa trikuharriak irudian ikusten duzuen itxura izango du.

Bideoan Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren errepresentazio birtuala ikus dezakezue:

https://youtu.be/7vW7h_jWQ7o

 

Horrekin batera, Gipuzkoako trikuharririk handienetako bat den Irukurutzeta trikuharriaren indusketa lanak hasiko ditu Aranzadik azaroan eta, gainera, ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat doako bisita gidatuak eskainiko dituzte.

Doako bisita gidatuak, udazkenean

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko, eta iaz eskainitako bisita gidatuek izan zuten harrera bikaina ikusirik – 192 lagunek parte hartu zuten –, udazkenean, iraila eta azaroa bitartean, doako bisita gidatuak eskainiko dira berriro ere.

Bisita gidatuak domeketan egingo dira eta lehendabiziko hitzordua irailaren 30ean izango da, euskaraz. Beste bisitak, berriz, honako egun hauetan izango dira: urriak 7 (gaztelaniaz), urriak 21 (euskaraz), urriak 28 (gaztelaniaz) eta azaroak 4 (euskaraz). Ibilbidea Karakateko aparkalekutik abiatuko da, goizeko 10:00etan. Bederatzi kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Iraupena hiru ordu eta erdikoa da. Bisitari amaiera emateko, gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Aurrez izena ematea beharrezkoa da. Interesa dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

Aipatutakoz gain, Dolmenen Ibilbideko liburuxka berria editatu da. Aurkezpen testu laburraz gainera, Karakate – Iturriberri mendilerroaren mapa agertzen da, bertan dauden 16 monumentuen kokapenarekin (10 tumulu eta 6 trikuharri). Bertara iristeko jarraibideak ere gehitu dizkiote. Liburuxka eskuragarri dago www.debabarrenaturismo.com webgunean, baita ere, Bergarako eta Debabarreneko Turismo Bulegoetan, Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Soraluzeko Udaletxean.

Gaurko aurkezpenean esandakoaren arabera, “Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa eta interpretazio lanek erakutsi dutenez, Gizaburuagako trikuharria da, zalantzarik gabe, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena. Estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu da bertan eta, gainera, oso kalitate onekoa. Indusketa lanak metodo estratigrafikoari jarraituz egin dira, hau da, geruzak banan-banan eta kontu handiz indusi dira; orain, material honen guztiaren sailkapena eta azterketa egiten ari dira laborategian”. Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoaren esanetan, “lortu diren emaitzek informazio baliotsua eman dute. Baieztatu da trikuharria Neolito garaian eraiki zela, tumuluan eta tumuluaren azpiko lurretan Neolitoko materiala aurkitu baita, eta Historiaurreko aldi ezberdinetan erabili zela ere frogatu da: Neolitoan eta Brontze Aroko fase batean”.

Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak 2012tik ari dira sustatzen Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, eta Debemen Landa Garapen Elkartearen lankidetzarekin. Datozen hilabeteotarako aurreikusi dituzten ekintzek, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren laguntza jaso dute.