Domekan egingo da "Gure ingurua garbitzen" ekimena

Domekan egingo da "Gure ingurua garbitzen" ekimena
2021/04/23 eta kitto!
“Gure ingurua garbitzen” ekimena antolatu da apirilaren 25erako, domeka, Eibarko Baso Biziak taldearen eskutik. Helburu nagusia, antolatzaileen hitzetan, “kontzientziazioa sortzea, gure ingurumena zaintzea eta babestearekin batera Eibarko inguruak zaintzea eta garbitzea da”.

Bi txanda antolatu dira domekarako. Batetik, 14 urtetik gorakoak 9:30ean Estaziño kaletik irtengo dira eta Matxariatik hasita Santa Kurutzerako bidea garbituko dute. Bestetik, haurrak eta familiak 11:00etan Santa Kurutzeko ermitan elkartuko dira Baselizako inguruak garbitzeko asmoz. Antolatzaileek parte-hartzaileei gogorarazi nahi izan diete erropa egokia jantzita eramatea beharrezkoa izango dela garbiketa egiteko.

Parte hartzeko

Ekimenean parte hartu nahi dutenek emailez eman behar izan dute izena, eta honako datu hauek zehaztu dira: izen-abizenak, telefonoa eta adina. Hala ere, antolatzaileek honela diote: “Zoritxarrez jende askori ezetz esan behar izan diogu, COVIDa dela eta ezin ditugulako talde handiak egin. Izena eman dutenak asko eta asko izan dira, baina 65-70 lagunentzako lekua besterik ez da egongo: 30 Santa Kurutzen eta 35-40 Matxarian. Gure eskerrik beroenak izena eman duzuen guztioi”.

Bazkideak

“Ingurua babestu, egin bazkide” lelopean animatzen dituzte herritarrak Eibarko Baso Biziak taldeko kide izatera. Nahi duenak taldeko partaide izateko aukera izango du, haiekin harremanetan jarri besterik ez dago informazio gehiago lortzeko. Antolatzaileen hitzetan: “Garrantzitsuena da bazkideen aportazioak izatea etorkizunerako proiektuak bideratzen laguntzeko. Horretarako bazkide-kanpaina jarri dugu abian”. Kide izan nahi duenak eibarkobasobiziak@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko du.

Helburuak

Antolatzaileek esandakoaren arabera, esan daiteke ekimenaren zein taldearen xede behinekoena dela kontzientziazioa. Horrekin batera, gure ingurumena zaintzea eta babestearekin batera Eibarko inguruak zaintzea eta garbitzea da. Horretarako, gure inguruak ezagutzea ezinbestekotzat jotzen dute Eibarko Baso Biziak taldeko kideek, eta honela diote: “Gure ingurumeneko basoak duen garrantziaz ohartarazi nahi ditugu eibartarrak, hemengo basoa nola sortzen eta garatzen den azalduko diegu eta bertako basoaren onurak guztiontzako direla ikusiko dute".

173805229_2268306273301984_8812863702422957695_n