Domekan egingo den Kontsumo Arduratsuaren III. Azoka aurkeztu dute

Domekan egingo den Kontsumo Arduratsuaren III. Azoka aurkeztu dute
2018/05/29 eta kitto!
Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Aldatzen boluntario taldeak domekan, ekainaren 3an anbulatorio pareko parkean egingo duten Kontsumo Arduratsuaren III. Azoka aurkeztu dute gaur goizean, udaletxean egindako prentsaurrekoan. “Arduraz kontsumitu!” goiburuari jarraituko dion azokarekin hainbat helburu lortu nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek: “Ingurugiroaren zaintzan eta justizia sozialean oinarritutako beste kontsumo bideak edo moduak ezagutzera eman nahi ditugu eta, horrekin batera, Eibarko gizartean kontsumo arduratsua bultzatu nahi dugu, horretarako dauden kontsumo arduratsuaren ereduak aurkeztuta”.

Hori dela eta, aurten azoka bidezko merkataritzatik haratago joango da eta kontsumo arduratsua ahalbidetzen duten hainbat taldek hartuko dute parte: FIARE banku etikoa, Goiener energia berriztagarrien proiektua, Eibarko Aza eta Porrua eta Karabeleko kontsumo taldeak, Meabeko Ogixe baserriko ogia eta pastelak, bidezko merkataritzako produktuak, Etxebemendiko gazta eta esnekiak, Ardilanak, Baobeer garagardoa, Unesco Etxea, Txaramela pasta agroekologikoa eta Alboan.

Azoka 11:00etatik 14:30era bitartean egongo da martxan eta, aipatutakoek ipiniko dituzten postuekin batera, hainbat ekintza osagarri egingo dituzte: “Inguruko produktu ekologikoz eta bidezko-merkataritzako produktuez osaturiko  otar baten zozketa egingo dute, Unesco Etxeak antolatutako ‘Garapen jasangarriaren helburuak’ erakusketa ipiniko dugu, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara ‘Zure ravioli agroekologikoak egin’ izeneko tailerra egingo dugu haurrentzat, Egoaiziak lehen aldiz antolatu duen kontsumo arduratsuaren inguruko argazki lehiaketako irabazleei sariak banatuko dizkiegu eta lehiaketara aurkeztutako argazkiak erakutsiko ditugu eta, Alboan-ek martxan duen proiektuarekin bat eginda,  telefono mugikor zaharrak batuko ditugu, birziklatzeko”.

Egoizia